Bizkaia Talentek harremanetan jarri ditu ikasleak eta Euskadiko funtsezko sektoreetako enpresak
2024/11/28
- Bizkaiko eta nazioarteko 218 ikaslek lurraldeko lan-aukerak ezagutu dituzte 4 kluster eta 13 erakunderekin batera.
Azaroaren 18tik 22ra, Bizkaia Talentek hainbat topaketa sektorial antolatu zituen euskal unibertsitateetako (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitate) ikasleen talentuaren eta Euskadiko enpresa-ekosistemaren arteko harremanak sendotzeko.
Topaketetan, 218 gaztek hartu zuten parte, bi programa hauetan banatuta: Talentia Skills, Bizkaiko ahalmen handieneko ikasleak biltzen dituena, eta Be Basque Ambassadors, master- eta doktorego-ikasketak egiten ari diren nazioarteko ikasleak fidelizatzeko helburua duena, lurraldean sozialki eta profesionalki integra daitezen bultzatuz.
Sei topaketa sektorialetan, parte-hartzaileek hainbat sektore estrategiko aztertu zituzten, haien ezaugarriak eta joerak ezagutuz, hala nola siderurgia- eta metalurgia-industria, energia, trenbide-industria, adimen artifiziala, ekintzailetza eta IKTak. Gainera, enpresek gaur egun gehien eskatzen dituzten gaitasunen berri eman zieten.
5 kluster eta 13 erakunde
Topaketetan, 5 kluster eta 13 erakundek hartu zuten parte, Euskadiko enpresa-ekosistemako funtsezko sektoreen ordezkari. Siderurgia- eta metalurgia-industriaren alorretik, FVEM eta Sidenor izan ziren; energiarenetik, Euskadiko Energia Klusterra eta Ormazabal; trenbide-industriarenetik, Mafex, CAF eta Vicomtech; adimen artifizialarenetik, BAIC, Lantek eta Tekniker; ekintzailetzarenetik, Beaz Bizkaia, Batterie Ingenieure, The Art of Discovery eta Vitrocaulis; eta, azkenik, IKTen esparrutik GAIA klusterra, Ingeteam, NTT Data eta RDT Ingenieros.