Eneko Atxa sukaldariak bere “etxea” den Azurmendi jatetxeko ateak ireki dizkie Talentia sareko kideei
2017/01/12
Abenduaren 15ean, osteguna, nazioarteko ospea daukan Eneko Atxa sukaldari-buruak jardunaldia egin zuen Talentia sareko kideekin, bere esanetan “etxetzat” daukan Larrabetzuko Azurmendi jatetxean.
- urtean, nazioarteko sukaldaritzaren arloko prozesu berritzaile bezain apurtzaileei esker, hirugarren Michelin izarra lortu zuen, eta bere jatetxea 16. postuan zegoen mundu-mailan Restaurant aldizkariko best 50 indizearen arabera. Horren ostean, Atxak, sari horiek dituen Bizkaiko lehenengo sukaldaria eta bakarrak, “asmatzen eta asmatzen jarraitu beharra” dagoela adierazi du, “bikaintasuna abiapuntu daukan “etorkizuneko jatetxea” erdiesteko”.
Hitzaldiak iraun zuen ordu eta erdian, sukaldariak 50etik gora talentuen aurrean egin zuen bere 11 urteko historiaren balantzea. Horrez gain, bezero, langile, ekoizle eta hornitzaileekin hartutako konpromisoan oinarrituta epealdi horretan garatu dituen sorkuntza-prozesuen berri ere eman zuen.
Atxaren filosofia berezia bezain xarmangarria da sukaldaritzaren munduari eta arlo profesional orokorrari dagokienez, une oro bere sustraiak, ingurune hurbilarekiko elkarrizketa eta euskal sukaldaritzako errezeta tradizionalak balioesten dituelako. Errezeta horiek, hain zuzen ere, bere sorkuntza-lan guztien oinarria izan dira eta oraindik ere badira.
Bere agerraldian, sukaldariak inplikazioa eta laguntza eskatu zizkien talentu gazteei, diziplina anitzeko taldeetan osasunaren, jasangarritasunaren eta elkartasunaren arloko zenbait lan-lerro garatzeko. Izan ere, arlo horietan ari dira lanean tokiko eta nazioarteko puntako instituzioen laguntzaz, eta hurrengo hilabeteetan garatuko dira.