Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, hiru euskal unibertsitateetako erretoreordeekin batera, diplomak eman dizkie Trebetasun eta Talentia programako zazpigarren edizioan parte hartu duten ia 100 gazteei
2017/02/27
Ahaldun Nagusiak erronka onartu du, eta, beraz, gazteek Bizkaian garatu ahalko dute beren talentu osoa. Horixe jakinarazi die Foru Jauregira bertaratu diren ehun bat ikasleei Unai Rementeriaren eskutik jasotzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren Talentia programan partu hartu dutela egiaztatzen duen diploma: “Talentua da Bizkaiko etorkizunerako giltza. Eta guri dagokigu ahalbidetzea talentu hori hemen osorik garatu dadila. Bizkaiko Aldundiak erronka hori onartzen du”.
250 gazte baino gehiagok parte hartu dute Talentia programaren zazpigarren edizio honetan, hiru euskal unibertsitateek hautapena egin ostean. Horrexegatik izan dira ekimenean ere Deustuko Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko erretoreordeak: Jóse Antonio Rodríguez Ranz, Patxi Juaristi eta Jon Altuna; bai eta Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua ere, Imanol Pradales eta bizkaia talent-eko zuzendari nagusia, Ivan Jimenez.
“Argi daukat pertsonengan inbertitzea Bizkaian inbertitzea dela”, ziurtatu du Unai Rementeriak. Ahaldun Nagusiak pertsonen prestakuntzaren eta talentuaren alde egin du apustu, lurraldea aurrera egiten bultzatuko duen balio erantsi handi gisa. “Bizkaiak beharrezkoa du talentua; izan ere, ezin da mundu-merkatuan lehiatu bere masa kritikoarekin eta baliabide naturalekin, ezta low cost lurraldea izateagatik ere. Bizkaia bai lehiatu daiteke, ordea, talentuari dagokionez, prestakuntza ona eta balioak dituzten pertsonekin. Hots, edonora doazela ere, balioa eransten duten profesionalak izanda”.
Ildo horretan, Rementeriak hausnarketa egin du enpresei ezagutzak eta talentua unibertsitate eta zentro teknologikoetatik igortzeko beharraren inguruan, aukerak konektatuta izan daitezen: “Horregatik, talentua sortzen duen ekosistema osoari eskatu nahi diot harresiak hautsi ditzan, bere barnean lankidetza handiagoa ezarri eta batu dezan; talentua baita gure etorkizunerako giltza. Etorkizun hori gaur egun diseinatu, eta guztion artean eraiki behar dugu”.
Talentia programa
Talentia Bizkaiko Foru Aldundiaren programa bat da, talentua erakarri, eutsi eta lotzeko Bizkaia talent elkarteak kudeatutakoa, eta helburu du lurraldeko talentua errealitate zientifiko, teknologiko, enpresarial eta sozialari lotzea, urtetik urtera haziko den talentu-sarea eratzeko.
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru-diputatuak azaldu duen bezala, zazpi edizioetako parte-hartzaileen % 91k lana aurkitu du programa amaitu eta urtebete baino lehenago, eta 8,2ko asebetetze-gradua eman diote beharrari. Gainera, lanean dauden “talentien” % 89,7k Euskadin dihardute.
Zazpi ediziotan, 1.150 ikaslek hartu dute parte, euskal unibertsitateek eurek hautatuta: Deusto, UPV / EHU eta Mondragon. Horretarako, kontuan hartu dituzte espediente akademiko onenetarikoak eta zentro bakoitzak ebaluatutako gaitasunak zeuzkaten ikasleak. Ikasketetako azken urteko ikasleak dira denak eta, otsailaren erditik uztailaren hasierara bitartean, aholkuak eta informazio pertsonalizatua ematen zaizkie haien lan- eta lanbide-orientazioari buruz. Lanbideen eta sektoreen inguruko topaketetan parte hartzen dute, baita bisita teknikoetan eta lantegietan ere.
Talentia programaren zortzigarren edizioa dagoeneko abian da, “Lotu zure talentua” goiburuarekin; eta, horretan, 282 gaztek hartuko dute parte.