Bizkaia Talentek eta SRUK/CERUk Young Basque Investigator Award sarien lehenengo edizioa banatu dute
- Irailaren 18tik 20ra Bilbon egindako Science+ Era Career Day topaketan banatu da saria
- Naiara Rodríguez Flórez ikertzaileak lehenengo saria irabazi du (5.000 euro). José Ignacio Aizpuruak eta Eneko Axpek, ordea, 1.000na euroko bi akzesit jaso dituzte
SRUK/Bizkaia Talent Young Basque Investigator Award sarien lehenengo edizioko banaketa-ekitaldia Bilboko Science+ Era Career Day topaketan garatu da. Saria bera Bizkaia Talent Elkarteak ematen du Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren Elkartearen (SRUK/CERU) laguntzaz, eta bere ikerketa-jarduera Erresuma Batuan garatzen duen euskal ikertzaile gazte baten lan-ibilbidea sustatzea eta aitortzea dauka helburu.
Pablo Barrecheguren Manerok, Neurobiologiako doktoreak eta Neurocosaseko edukien zuzendariak zein aurkezleak, sari-banaketa aurkeztu zuen. Bertan, hain zuzen ere, Naiara Rodríguez Flórezek 5.000 euroko lehenengo saria jaso zuen Bilboko Bizkaia Aretoko eszenatokian. Era berean, 1.000na euroko bi akzesit eman zitzaizkien José Ignacio Aizpurua Unanueri eta Eneko Axpe Izari.
Lehenengo saria Naiara Rodríguez Flórezentzat izan zen. Ingeniari industriala da, eta Bioingeniaritzako doktoretza egin zuen Londreseko Imperial Collegen. Hiri horretan bertan, teknika berrien garapenean lan egiten du Great Ormond Street Hospital for Children ospitaleko zirujauekin, garezurreko zein aurpegiko anomaliak dituzten jaioberrien tratamendua hobetzeko. Bere lanbidean, ingeniaritza klinikoko tresnen aplikazioetako ikerketako liderra izatea dauka helburu, diagnostiko medikoa hobetzeko eta, horren ondorioz, erabaki kirurgikoak hartzeko eta pazientearen emaitzak modu objektiboan ebaluatzeko.
Rodríguezek sariaren laguntza ekonomikoa erabiliko du doktoretza osteko lanaren emaitzak Garezurreko eta Aurpegiko Kirurgiako Nazioarteko Elkarteak (ISCF) urrian Mexikon egingo duen biurteko konferentzia ospetsuan aurkezteko. Nabarmendu egin beharra dago azken sei urteak Londresen eman ondoren Rodríguezek lan-etapa berriari emango diola hasiera Mondragon Unibertsitateko Bioingeniaritzako ikertzaile/irakaslea izango da-eta. “Atzerrian ikasitako guztia Euskadira ekartzea da nire helburua; eta, inguruko ospitaleen zein enpresen laguntzaz, Bioingeniaritza bera berton ere bultzatzea”, baieztatu du edizio honetako irabazleak.
José Ignacio Aizpurua Unanuek, Telekomunikazioetako ingeniariak eta Elektronikako zein Konputazioko doktoreak, akzesitetako bat jaso zuen. Glasgowen finkatutako talentu gazteak osagai elektronikoen akatsen iragarpenerako eta diagnostikorako ereduen diseinuan lan egiten du, prebentziorako artapenak ezartzeko asmoz. Gaur egun, enpresa hauekin lan egiten du, besteak beste: Bruce Power eta Kinectrics (Kanada), DNV GL (Norvegia) eta Pronto Babcock zein EDF (Erresuma Batua). Aizpuruak “sariaren zenbatekoa” erabiliko du “Unai Garrok (Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak) Strathclydeko Unibertsitateko Energia eta Ingurumen Institutuan egingo duen egonaldia finantzatzeko (Unanuek haren doktoretzako tesia gainbegiratzen du)”.
Akzesiteko bigarren onuraduna, Eneko Axpe Iza, Fisikako lizentziaduna da, baita EHUko Nazioarteko Programako doktorea ere. Gaur egun, doktoretza osteko ikertzaile elkartua da Cambridgeko Unibertsitateko Nanozientziako Zentroan, baita unibertsitate bereko Clare Collegeko zein St Edmund’s Collegeko Mekanikako eta Termofluidoetako irakaslea ere. Horrez gain, lankidetzak egiten ditu Londreseko Imperial Collegerekin eta New Yorkeko Mount Sinai ospitalearekin, Biomaterialen, Ehunen Ingeniaritzaren eta Nanomedikuntzaren arloan ikertzeko.
Axperen esanetan, oso euskal talde gutxi daude ehunen ingeniaritzaren arloko materialen ekoizpenean espezializatuta, nahiz eta teknologia alternatibo berritzaile bezain bikaina den organoen transplanteetako itxaronaldi luzeak murrizteko. Hori dela eta, jasotako 1.000 euroak erabiliko ditu Bilbon bertan “Developing new materials for tissue engineering” workshopa egiteko. Tailer horretan, Cambridgeko zein Oxfordeko unibertsitateetako bi ikertzaile ospetsuk parte hartuko dute, eta teknika horren ezaugarriak zein premiak zabaltzea izango du helburu.
Bizkaia Talenteko Ivan Jimenez zuzendari gerenteak baieztatu duenez, “Young Basque Investigator Award sariak Bizkaia Talentek garatzen dituen jarduketa-lerroetako baten barruan daude kokatuta, eta ondo baino hobeto prestatutako euskal herritarren nazioarteko lan-ibilbidea aitortzea dute helburu”. “Eskerrak eman nahi dizkiegu sarien lehenengo edizioan parte hartu duten profesional guztiei, eta sarien hurrengo edizioetara ere aurkezteko eskatu nahi diegu”, adierazi du Ivan Jimenezek.
SRUK/CERUko Nazioarteko Harremanetako Nerea Irigoyen zuzendariak baieztatu duenez, kasu honetan, “Erresuma Batuan lanean ari diren ikertzaile gazteen ibilbidea eta ahalmena saritu nahi ditugu”.
Bizkaia Talent Elkarteak euskal talentuaren aldeko apustua egiten jarraitzen du berton nahiz bertoko mugetatik kanpo. Sari horiek Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren Elkartearekin (SRUK/CERU) sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker eman ahal izan dira, eta interes bateratuko jarduerak zein proiektuak abian jartzea daukate helburu, garatutako ekintzak areagotzeko eta zabaltzeko asmoz.
SRUK/CERUko Batzorde Zientifikoak izangaiak ebaluatu ditu, eta CERUko Zuzendaritza Batzordeko kideek zein Bizkaia Talenteko ordezkariek osatutako epaimahai mistoak esleitu du saria. Sariaren antolatzaileak oso pozik daude harrera oso ona izan delako eta sariaren lehenengo edizio honetako lehiakortasuna handia izan delako. Bertan, gainera, gizon eta emakume ikertzaileen partaidetza orekatua izan dela nabarmendu beharra dago (%53 eta %47, hurrenez hurren). Halaber, modu berezian kontuan hartu dira Erresuma Batuaren eta Euskadiren arteko mugikortasun-ekintzadun eskabideak.
Bizkaia Talent
Bizkaia Talent Elkartea Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurraldearen Garapenerako Sailak sustatzen du, 2005ean eratu zen irabazi-asmorik gabeko elkarte-ekimen moduan eta xede argia dauka: behar besteko baldintzen ezarpena sustatzea, Bilboko, Bizkaiko eta, oro har, Euskadiko berrikuntzaren zein jakintzaren prozesuan ondo baino hobeto prestatutako profesionalak erakartzeko, inplikatzeko eta berton geratzeko.
Bizkaia Talentek lurraldearen garapenerako eragile nagusia bultzatu nahi du, giza kapitala, alegia. Hori dela eta, talentua erakartzeko helburuaren betearazpenari begira, Euskadi osoko enpresen nahiz unibertsitateen lankidetza jasotzen du.
Horrez gain, Bizkaia Talenti esker, euren jatorriko lurraldea edozein dela ere Euskadirekin lotura daukaten edo eduki nahi duten goi-prestakuntzadun profesionalek badute Be Basque Talent Network Sarearen bidez hori egiterik. Sare hori etengabe ari da hazten, eta, gaur egun, 92 herrialdetako 9.000 inguru profesional zein 250 inguru euskal erakunde dira bertako kideak.
Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren Elkartea (SRUK/CERU)
Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren Elkartea (SRUK/CERU) 2012an sortu zen, eta diziplina guztietako ikerketako era guztietako 700 profesional baino gehiago dira bertako kideak: masterreko zein doktoretzako ikasleak, katedradunak eta Erresuma Batuko industrian zein sektore publikoan lan egiten duten profesionalak.
Honako hauxe da bere lana: Erresuma Batuko ikertzaile espainiarren arteko komunikazioa sustatzea, bi herrialdeen arteko lankidetza bultzatzea sinergiak batzeko eta I+G+b-ko arrakastak areagotzeko, Britainia Handiko zein Espainiako erakunde publikoen aurrean zientzialari espainiarren bozeramaileak izatea eta zientziaren pertzepzio soziala hobetzea.
Hasiera-hasieratik, CERUk 250 jarduera baino gehiago egin ditu, eta honako hauexen laguntza jasotzen du horretarako: Ramón Areces Fundazioa, Banco Santander Fundazioa, Espainiako Erresuma Batuko Enbaxada, Zientzia eta Teknologiarako Fundazio Espainiarra (FECYT), NIM Genetics enpresa eta Telefónica Fundazioa. 2016an, Enpresa Berritzaileen Foroak (FEI) emandako Berrikuntzaren Saria jaso zuen berrikuntza sustatzen duen organismoaren kategorian.
Erakundeak honako leku hauetan ditu ordezkaritzak: Londres, Cambridge, Oxford, Yorkshire, Eskozia eta Ingalaterrako erdialdeko (Birmingham), ipar-mendebaldeko (Manchester zein Liverpool) eta hego-mendebaldeko (Bristol zein Bath) eskualdeak.