Bizkaia Talentek lankidetza-hitzarmena sinatu du Deusto Business Schoolekin, Talentia Sareko kideei ESG Investment and Finance Summer Programmen parte hartzeko laguntzak eman ahal izateko
2017/06/19
Ekainaren 26an eta 27an, inbertsio arduratsuari buruzko Biscay ESG Global Summit nazioarteko goi-bilera egingo da Bizkaian. Bertan, finantzen arloan gero eta zeresan handiagoa duen esparruko munduko adituak elkartuko dira. Izan ere, gero eta sarriagotan kontuan hartzen dira ingurumen, gizarte, genero edo aniztasunaren arloko irizpideak inbertsioak erabakitzeko orduan.
Inbertsio arduratsuari buruzko topaketa hori Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldea berriro ere “hub finantzarioa” izateko egin duen ahaleginaren barruan dago kokatuta. Horrekin batera, gainera, Deustuko Unibertsitatean emandako Europako mintegi trinko eta osoenetakoa ere garatuko da: “ESG Investment and Finance Summer Programme”. Aurton, inbertsio arduratsua izango du hizpide, eta ekainaren 26tik 30era garatuko da. Unibertsitateko programa batean lehen aldiz, 30 orduko prestakuntza emango zaie ingurumenaren, gizartearen eta gobernu korporatiboaren arloko ekosistema osatzen duten eragile guztiei (ESG).
Bizkaia Talentek badaki ekimen garrantzitsua dela. Hori dela eta, programa bera zabaltzeko laguntza eta bertan parte hartzeko aukera eskaini ditu. Hartara, Bizkaia-Euskadira talentua erakartzeko, berton geratzeko eta inplikatzeko erakundeak hitzarmena sinatu berri du Deusto Business Schoolekin, Talentia SAREKO parte-hartzaileen artean ESG Investment and Finance Summer Programmen matrikulatzeko laguntzak esleitu ahal izateko.
Bizkaia Talenteko Ivan Jimenez zuzendari gerenteak gogoratu duenez, “ez da kontuan hartuko zer urtetan parte hartu duten ikasleek. Talentia Programan edo Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programan parte hartu bazuten, laguntza hori eskatu ahal izango dute. Horri esker, Bizkaia Talentek programako matrikularen %50en kostua hartuko du bere gain. Dena dela, lehenengo hamar eskabideei bakarrik emango zaienez, oso garrantzitsua da ahalik eta lasterren egitea eta eskabidean bertan Talentia SAREKO kidea dela adieraztea laguntza izapidetu ahal izateko”.
Informazio gehiago lortzeko eta programan izena emateko, webgunean kontsultatu besterik ez duzu. Horretarako, sartu hemen.
BISCAY ESG GLOBAL SUMMIT
Europako inbertsio arduratsurako fondoen kopurua 2010eko 200.000 milioi eurotik 2014ko 372.000tik gora milioi euroetara igo da, eta, aurreikuspenen arabera, are gehiago haziko da hurrengo urteetan.
Testuinguru horretan, inbertsio arduratsuari buruzko lehenengo goi-bilera, Biscay ESG Global Summit, egingo da Bizkaian, Bizkaiko ahaldun nagusia den Unai Rementeriak, Kutxabankeko Banka Pribatua-Finecoko presidenteordea den Enrique Sáezek eta Deusto Business School dekanoa den Guillermo Dorronsorok aurreratu zuten bezala.
Inbertsio arduratsuari buruzko goi-bilera hori Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldea berriro ere “hub finantzarioa” izateko egin duen ahaleginaren barruan dago kokatuta. Horrekin batera, gainera, Deustuko Unibertsitatean emandako Europako mintegi trinko eta osoenetakoa ere garatuko da: “ESG Investment and Finance Summer Programme”. Inbertsio arduratsua izango du hizpide, eta ekainaren 26tik 30era garatuko da. Unibertsitateko programa batean lehen aldiz, 30 orduko prestakuntza emango zaie ESG ekosistema osatzen duten eragile guztiei.