Bizkaia Talentek EURAXESSen bi urtean behingo biltzarrean parte hartu du, Katowicen
2024/06/14
- Euskadiko elkarteak, nazioarteko beste aditu batzuekin batera, talentu ikertzailearen zirkulazioari buruzko tailer bat eskaini du.
Ekainaren 10etik 12ra, Poloniako Katowice hirian, EURAXESS Biennial Conference 2024 biltzarra egin zen, Europako Batzordearen EURAXESS mugikortasun-sare europarraren ekitaldirik garrantzitsuena, non nazioarteko ordezkariek sarearen kohesioa sendotu, haren lorpenak agerian jarri, eta ikerketaren alorreko lanbide eta lan-ibilbideen erakargarritasuna nola hobetu eztabaidatu zuten.
Carmen Méndez de Castrok, Bizkaia Talenten Relocation zerbitzuaren arduradunak, euskal elkartearen izenean hartu zuen parte bilkuran, gaian adituak diren beste erakunde batzuekin batera (Slovak Academic Information Agency, German Scholars Organization e.V. eta German Aerospace Center) talentu ikertzailearen zirkulazioari eta erronkei buruzko tailer bat eskainiz.
Bertan, Europako Ikerketa Esparruko (EIE) herrialdeetan talentua hautatzearekin, erakartzearekin eta kontratatzearekin lotutako jardunbide egokiak identifikatu ziren. Gainera, parte-hartzaileek talentuaren zirkulazio orekatua lortzeko estrategiei buruzko ezagutzak eta esperientziak azaldu zizkieten elkarri, eta beren jatorrizko herrialdeetara itzultzen diren ikertzaileei berrintegratzen laguntzeko zerbitzuen gainean ere aritu ziren, beste gauza batzuen artean.
EURAXESSi buruz
EURAXESS sare europarra 40 herrialdetan diharduten 300 zerbitzu-zentrok baino gehiagok osatuta dago, eta ikertzaileei eta haien familiei doako laguntza eskaintzen die bisekin, titulu akademikoen aitorpenarekin, gizarte-segurantzarekin eta beste edozein kontu juridiko eta kulturalekin lotutako gaietan.