Bizkaia Talent

Albisteak

Euskadiko klusterrek eta enpresa elkarteek ikusi dute negozioa eta enplegua hazi egin direla 2015ean

Industria Abagunearen Behatokiak bere urteroko txostenean jaso ditu Euskadiko 21 elkarte eta klusterren hobekuntza aurreikuspenak. Foro horren osteguneko bilerako buru izango da Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua. Txostenak beraizik azpimarratzen du hainbat sektoreren egoera, esaterako aeronautikarena, zeinaren fakturazioa %8,2 hazi baitzen iaz eta baita ere automozioarena, zeinak %5 inguruko hazkundea aurreikusten baitu aurten. Itsas industriak 2.105 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2014an, hots %3 gehiago, eta Habic klusterrak, 1.180 milioi euroko negozio zifra izan duenak, diru-sarrera horiek handitzea espero du 2015ean. Behatokiak adierazi du Euskadiko giro industrialaren adierazlea nabarmen hobetu dela apirilean eta 2,1 puntuko balio positiboa lortu duela, zeroren gainetik kokatuz lehen aldiz 2008ko martxoaz geroztik.

Industria Abagunearen Behatokiak, Euskadiko enpresa elkarteen eta klusterren urteroko erradiografia egiten duenak, bere azken txostenean adierazi du aurreikuspenak hobetu egin direla negozioan eta enplegu sorkuntzan. 21 elkarte eta kluster horietako gehienek fakturazioa eta lanpostu kopurua handitzea espero dute urte honetan zehar.

Industria Abagunearen Behatokia Bilbon elkartuko da ostegun honetan Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, buru izango duen bilera batean, non datuak aztertu eta etorkizuneko perspektibak azalduko baitituzte.

Txostenak beraizik azpimarratzen du hainbat sektoreren egoera, esaterako aeronautikarena, zeinaren fakturazioa %8,2 hazi baitzen iaz eta baita ere automozioarena, zeinak ia %5eko hazkundea aurreikusten baitu aurten. Itsas industriak 2.105 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2014an, hots %3 gehiago, eta Habic klusterrak, 1.180 milioi euroko negozio zifra izan duenak, diru-sarrera horiek handitzea espero du 2015ean. Esku-tresna fabrikatzaileen %57k eskaera gehiago espero dituzte urte honen erdialderako, etxetresna elektronikoen fakturazioa %7,8 igo zen pasa den urtean eta burdinbide ekipoen eskaera-zorroa %10-15 bitarte hazi da urte honen lehen hiruhilekoan. Ikus-entzunezkoen eta eraikuntzaren klusterrek, hots, krisiak gogorren kolpatutakoek hobekuntza txikiak nabaritu dituzte.

Behatokiak adierazi du Euskadiko giro industrialaren adierazlea nabarmen hobetu dela apirilean eta 2,1 puntuko balio positiboa lortu duela, zeroren gainetik kokatuz lehen aldiz 2008ko martxoaz geroztik. Iaz esportazioak 22.244 milioi eurora iritsi ziren, 2013an baino %9,9 gehiago, eta zifra horrek errekorra markatu du Euskadiren historian. Esportatzeko joera (alegia esportazioek BPGn duten pisua, euskal industriaren lehiakortasun adierazlea) %31,2tik (2013an) %33,2ra igaro zen (2014an).

Datuak sektoreka:

Sektore aeronautikoa eta espaziala: Hegan elkarteak, 38 konpainia biltzen dituenak eta konpainia horien bidez 2014an 4.036 euskal langile enplegatu zituenak, 874 milioi euro fakturatu zituen pasa den ekitaldian. Urteko lehen hiru hilabeteetan fakturazioa %8,2 hazi da eta enplegua %4,4. Aurreikuspenak onak dira, balioespenen arabera 10 urte ingururako eskaera-zorroa dagoelako.

Ikus-entzunezkoen sektorea: Eiken klusterrean 4.735 lagun enplegatzen dituzten 30 enpresa biltzen dira eta 2014an 581 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurreko urteetan sektorea nabarmen ahuldu den arren, zenbait enpresa pribatutan suspertze sintomak nabaritu dira eta enpresa horiek trakzio indarra egin dezakete sektorean. 2010etik hona enpleguaren %25 galdu ondoren, aurten lanpostu zifra mantentzea espero da.

Automobilgintzaren sektorea: 290 enpresa biltzen ditu eta 2014an 13.700 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen, %5,1eko hazkundea lortu zelarik 2013. urtearekin alderatuta.
Aurten espero da goranzko joera horrekin jarraituko duela eta %4,7ko hazkundea izango duela. Iaz Euskadin 1.200 lanpostu sortu ziren, Euskadiko fabriketan proiektu berriak abiarazi zirelako, baina baita ere euskal enpresak hazi egin direlako atzerrian.

Ekipo ondasunak eta energia: 20.563 lagun enplegatzen dituzten 350 enpresa biltzen ditu eta 49.533 milioi euroko fakturazioa izan dute. Badaude desberdintasunak sektoreka: enpresa elektrikoak eta berriztagarriak hobetu egin dira nazioarteko zenbait merkatuk bilakaera ona izan dutelako, baina Oil&Gas sektoreak beherantz egin du petrolioaren prezioak ere behera egin duelako. Enplegu globala mantendu egin da.

Biozientziak: 1.448 lagun enplegatzen dituzten 51 enpresa biltzen ditu eta 304 milioi euroko fakturazioa izan dute 2014an. I+G-ko inbertsio zifrak 35 milioikoak izan dira, ahalegin handia egin da nazioartean zabaltzeko eta fakturazioa eta esportazioa hobetzea espero da.

Eraikuntza: Eraikune klusterrak 4.500 lagun enplegatzen dituzten 96 enpresa biltzen ditu, baina sektorean 20.600dik gora enpresa eta 54.000tik gora lanpostu daude. Fakturazioa %3,7 jaitsi zen 2014an, sektoreak izan duen jarduera jaitsierarik txikiena krisia hasi zenetik. Joerak apur bat hoberantz egin du eta enplegua ere pixka bat hazi da. Aipatzekoa da enpresen %86 hiru langile baino gutxiagoz osaturik daudela.

Etxetresna elektrikoak: 19 enpresa eta 634 milioi euroko fakturazioa 2014an. Estatuko merkatuak gorantz egin du zazpi urteko jaitsieraren ondoren, eta fakturazioa %7,8 hazi zen iaz. Jarduera hazi denez, azken hilabeteetan 300 enplegu inguru sortu ahal izan dira. Finantzaketa jada hasi da iristen eta jarduera hazi egingo dela aurreikusten da.

Elektronika eta telekomunikazioak: 290 enpresa, 12.900 enplegu eta 3.000 milioi euroko fakturazioa. Espero da aurten fakturazioa %6 haziko dela eta enplegua %4,3 inguru.
Burdinbide ekipoak: 1.750 milioi euroko fakturazioa duten 24 enpresa daude. Eskaera-zorroa %10-15 bitarte hazi da aurtengo lehen hiruhilekoan, baina fakturazioa apur bat jaitsi zen iaz. Enplegua, berriz, %5 hazi zen iaz. Aurreikuspenen arabera, sektoreak urteko %2,7ko hazkundea izango du datozen sei urteetan.

Esku-erreminten fabrikatzaileak: 2.320 lagun enplegatzen dituzten 32 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 374 milioi euroko fakturazioa izan dute. Enpresek hobekuntza bat nabaritu dute 2014ko azken hiruhilekotik, eta urte honen erdirako konpainien %57k eskaera gehiago izatea espero dute. Fakturazioa %4 hazi zen iaz eta enplegua egonkor mantendu da 2007 eta 2012 artean izandako %35eko jaitsieraren ondoren.

Forjaketa: 20 enpresa daude, 2014. urtean 1.539 enplegu eta 326 milioi euroko fakturazioa izan dutenak. Urtearen lehen hiruhilekoan jaitsi egin da entregatutako tona kopurua, baina tona horien balioak gorantz egin du. Sektoreak lehengo bidetik jarraitzen du, baina hobekuntzak espero dira bigarren seihilekoan.

Galdaketa: Elkarte honek 58 enpresa (sektorean 64) eta 7.095 enplegu (sektorean 7.917) biltzen ditu, eta 2014an 1.166 milioi euro fakturatu ditu (1.302 sektore osoan). Aurten hazkundeak erregistratu dira produkzioan eta fabrikazioan. 2014an enplegua mantendu egin zen eta 2015ean apur bat haziko dela aurreikusten da.

Habitata eta Contract: HABIC klusterrean 5.400 langile enplegatzen dituzten 110 enpresa biltzen dira eta 1.180 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurreikuspenen arabera, aurten fabrikazioa hobetu egingo da, eta langileak kontratatu dira eremu espezifiko batzuetarako, esaterako merkataritzarako eta esportaziorako. Egoera hobetu egin da eskaeraren arloan, baina prezioen beheranzko presioa oso indartsua da oraindik.

Elikadura eta nekazaritza industria: Elikadura klusterrean 5.200 lagun enplegatzen dituzten 60 enpresa biltzen dira eta 1.520 milioi euroko fakturazioa izan dute. Prezioak eta marjinak aldatu egiten dira azpi-sektorearen arabera, eta horregatik zaila da ildo komun bat zehaztea.

Itsas industria: Euskadiko Itsas Foroa klusterrean 13.775 lagun enplegatzen dituzten 235 enpresa biltzen dira eta 2.105 milioi euroko fakturazioa izan dute 2014an. Enpresa horietako enplegua %2 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, eta fakturazioa ere %3 igo da. Horrek esan nahi du sektorea pixkanaka suspertzen ari dela egitura fiskal berriari (Tax Lease) buruzko zalantzak argitu ostean.

Hizkuntzaren industriak: 51 milioi euroko fakturazioa duten 377 enpresa daude. Espero da aurten fakturazioa ia %2 handitzea, eta enplegua %1,8. Une honetan 5.159 lagun enplegatzen dituzte.
Makina-erreminta: AFM klusterrak 7.300 langile enplegatzen dituen 154 enpresa biltzen ditu Euskadin eta 1.367 milioi euro fakturatu ditu 2014an. Espero da aurten fakturazioa mantendu edo apur bat haziko dela, eta enplegua ere antzeko mailan geldituko da.

Ingurumena: Aclima klusterrean 4.150 lagun enplegatzen dituzten 79 enpresa daude eta 1.750 milioi euroko fakturazioa izan dute. Azken seihilekoan hobetu egin da fakturazioa, eta hainbat urtez joera negatiboa izan ondoren enplegua apur bat hobetuko dela espero da.

Papera: 1.862 lagun enplegatzen dituzten 20 enpresa biltzen dira klusterrean eta 2014an 846 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa jaisten ari da eskaerarekin batera, baina enplegua hazi egin da azken seihilekoan, 2011n eta 2012an geldirik egon diren paper makinak berriro martxan jarri direlako.

Produktu eta instalakuntza siderurgikoak: Siderex klusterrean 13.000 lagun enplegatzen dituzten 69 enpresa biltzen dira eta 2014an 5.187 milioi euroko fakturazioa izan dute. Produkzioa %7,6 hazi zen iaz, eta hainbat ekitalditan enpresa itxierak erregistratu ondoren, enplegua egonkortu egin da orain. Hobekuntza txiki bat nabaritu da, baina ez da espero inbertsiorik ekipoak hobetzeko.

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Mugikortasun eta logistika klusterrak 98 enpresa biltzen ditu eta 2014an 26.910 milioi euro fakturatu zituzten guztira. Klusterraren fakturazioa %30 hazi da azken urtean, eta sektoreak %0,3ko hazkunde txiki bat izan du. Enplegua %11 hazi da eta aipatzekoa da sektorearen atomizazioa, autonomodun enpresa asko baitaude.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×