Bizkaia Talent

Prentsa-aretoa

Izugarrizko arrakasta Bizkaia Talentek Kolonbian egindako networking-ekitaldietan

2024/03/20

  • Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako elkarteak topaketa bana egin du Bogotan, Medellínen eta Pereiran, non lan-ibilbidea Europan garatzeko aukera bila dabiltzan 200 profesionalekin baino gehiagorekin sartu den harremanetan.

STEM profilen eskaera gero eta handiagoaren eta profesional kualifikatuen eskaintzaren arteko arrakala murriztea funtsezkoa da. Ildo horretan, Bizkaiak talentua sortzeko, garatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko bere estrategia indartzen jarraitzen du, lurraldeko enpresa-lehiakortasunaren ezinbesteko faktoretzat jota.

Berriki, joan den martxoaren 11ko astean, Bizkaia Talenten ordezkaritza bat Kolonbian izan zen talentu-merkatu berriak ezagutzen eta Euskadik eskaintzen dituen aukerak ezagutarazten, kualifikazio handiko profilak erakartzeko helburuz, bai maila profesionalean haz daitezen bai beren bizi-proiektua gure eskualdean gara dezaten.

Astebetez, euskal elkartearen ordezkariek Bogota, Medellín eta Pereira hiriak bisitatu zituzten, non zientziaren, matematikaren, ingeniaritzaren eta IKTen alorretan jardunean dauden eta gehienez 5 urteko epean beren burua Euskadin lanean ikusten duten 210 profesionalekin sartu ziren harremanetan.

Bertaratutakoei Euskadiko enpresa-ekosistemak eskaintzen dituen lan-aukerei buruzko informazioa eman zitzaien, industria-sarea nabarmenduta, funtsezko sektoreak bertan daudelako, hala nola automobilgintza, aeronautika, energia, biozientziak edo makina-erreminta, besteak beste. Nabarmentzekoa da Euskadiko Energia Klusterrak eta GAIA Klusterrak (Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkartea) hiru ekitaldietan parte hartu zutela.

Jorratutako gaietako bat “Study & Work in the Basque Country” programa izan zen, hiru euskal unibertsitateekin (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) lankidetzan garatua eta graduatu latinoamerikarrentzat diseinatua. Programak unibertsitate-masterrak egiteko aukera ematen die, eta Bizkaia – Euskadiko enpresa nabarmengarrietan egonaldiak egitekoa.

Topaketetan, Euskadik lekualdatutako langileei eskaintzen dizkien zerga-pizgarriak ere azpimarratu ziren, baita Bizkaia Talentek bere zerbitzuen bidez profesionalei eskaintzen dien laguntza ere: lan-ibilbidea bideratzeko, enpresekin harremanak egiteko edo lurreratze-prozesua errazteko (baimenak, tituluen homologazioa, lan-merkatuan txertatzea eta gizarteratzea…).

“Txundituta gaude aurkitu dugun talentuarekin eta antolatutako topaketek izan duten harrerarekin” adierazi zuen Ivan Jimenez Bizkaia Talenteko zuzendari kudeatzaileak, eta zera erantsi zuen: “Gure helburua, pertsona hauek Euskadira erakartzeaz gain, lan-ingurune bizigarria eta komunitate abegikorra eskaintzea da, hala maila pertsonalean nola profesionalean aurrera egin dezaten”.

Lankidetzak hainbat eragilerekin
Kolonbian egon bitartean, Bizkaia Talentek lankidetza garrantzitsuak ere finkatu zituen herrialdeko erakunde publikoekin, Kolonbiako Migrazioko eskualdeko zuzendariarekin eta Risaraldako Lan Ministerioko lurralde-zuzendariarekin harremanetan jarrita. Gainera, ordezkaritzaren agendaren barruan, bilera estrategikoak egin zituen tokiko unibertsitateekin (Quindíoko Unibertsitatea, UE Digitala – Antioquiako Unibertsitate Erakunde Digitala) eta beste eragile batzuekin (ACOFI – Kolonbiako Ingeniaritza Fakultateen Elkartea, REDTTU – Goi Mailako Hezkuntzako Erakundeen arteko Kolonbiako lankidetza-sarea), eta, horrela, Kolonbiaren eta Euskadiren arteko hezkuntza- eta lan-harremanak sendotu zituen.

IKUS ARGAZKI GALERIA HEMEN

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×