5,4 milioi euro 3D Printingekin lotutako aplikazioak eta web zerbitzuak garatzeko
2014/12/02
Abenduaren 18ra arte, FABulous Azkartasun Programako lehenengo Open Calla egongo da zabalik, web negozio bihurtu daitezkeen 3Dko inprimaketan oinarritutako 100 ideia onenen bila. Bizkaia:talent-ek nazioarteko proiektu hori kudeatzen duten erakundeen partzuergoan parte hartzen du.
Abenduaren erdialdera arte, FABulousek, 3Dko Inprimaketako Zerbitzu Enpresak Azkartzeko Programak, bere lehenengo deialdia edukiko du zabalik. Bertan, ETE-ek eta sustatzaileek euren ideia berritzaileak aurkeztu ahal izango dituzte, web negozio berriak garatzeko eta euren enpresan bertan negozio-lerro berria ezartzeko.
FABulous enpresen 16 azkartzaileetakoa da, eta Europako Batzordeko FIWARE Accelerate ekimenaren barruan daude kokatuta. Horren bitartez, Europako ETE-ei eta sustatzaileei aukera bakarra eskaintzen zaie, etorkizuneko Interneteko aplikazio eta zerbitzu berritzaileak garatzeko. Aurrekontua 5,4 milioi eurokoa izango da guztira, eta, horri esker, itzuli behar ez den finantziazioa, prestakuntza, laguntza teknikoa eta aholkularitza-zerbitzuak emango zaizkie 150 ETE eta sustatzaileri, 3Dko inprimaketako zerbitzu berritzaileak garatu ditzaten.
Lehenengo Open Call hori hiru etapatan dago egituratuta. Lehenengoak lau hilabete iraungo du, eta, guztira, 100 startup zein ETE finantzatuko ditu, Interneteko zerbitzu berriak abian jartzeko. Lau hilabete horiek igarotakoan, hasierako proiektuetatik 30 hautatuko dira, 2015eko uztailetik 2016ko otsailera bigarren fasean parte hartu dezaten. Bertan, hain zuzen ere, 60.000na euro jasoko dituzte, merkataritzako aplikaziorantz bilakatzeko. Azken etapa 2016ko martxoan hasi eta 2016ko abuztuan amaituko da, eta 10 proiektu onenek baino ez dute bertan parte hartuko. Izan ere, 40.000na euroko diru-laguntza emango zaie, Interneteko 3D Printingerako negozio berria merkaturatu dezaten.
3D Printingeko web negozioa abian jarri eta FABulous Azkartasun Programako abantailak lortu nahi dituzten ETE-ek eta sustatzaileek honako web honetan aurkituko dute euren proposamenak aurkezteko behar duten informazio guztia: www.fabulous-fi.eu
Proposamenak EMS plataformaren bidez bidali beharko dira, eta Azkartasun Programa kudeatzen duen Bizkaiko CARSA aholkularitza-enpresak garatu du.