Arrakastaz amaitu da “Employee Journey & Experience” programaren lehen edizioa
- Bizkaiko 23 ETEk hartu dute parte prestakuntza-esperientzia honetan, non beren langileen kudeaketa estrategikoan sakontzeko tresna teoriko eta praktikoak eman zaizkien.
Bizkaia Talentek eta Talent Gardenek arrakastaz burutu dute “Employee Journey & Experience” gaikuntza-programaren lehen edizioa. Bost astez, Bizkaiko 23 ETE beren langileen bizi-zikloa eraginkortasunez kudeatzeko estrategietan murgildu dira, hala nola erakarpenean, onboarding-ean eta fidelizazioan. Programa hibrido hau Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako “Bizkaia with the talent” ekimenaren barruan dago.
Programa urriaren 3an abiatu zen, BAT – B Accelerator Tower-en aurrez aurreko tailer bat eginez, parte-hartzaileei enplegatu-esperientziaren (EX) oinarriak eta enplegatua estrategiaren erdigunean jartzearen garrantzia azaltzeko, horrela beren langileen gogobetetzea eta produktibitatea hobe ditzaten.
Urrian, ETEek hautagaiaren esperientzia, marka enplegatzailea eta onboarding-a jorratzeko hiru prestakuntza-pilula jaso zituzten. Saio horien bidez, employee journey delakoaren etapa bakoitzak langileen pertzepzioan eta konpromisoan nola eragin dezakeen ulertu zuten.
Urriaren 29an, aurrez aurreko elkarrizketarako gune batean, partaideek beren esperientzien berri eman eta kasu arrakastatsuetatik ikasi zuten; azaroaren 6an, berriz, online atzerabegirako batean, ikasitakoari eta talentua kudeatzeko beren prozesuetan egin beharreko hurrengo urratsei buruz hausnartu zuten.
Programa amaitu ondoren, parte hartu duten ETEek employee journey-ren ikuspegi integrala izatearen balioa nabarmendu dute, horrela bai langileen konpromisoa eta gogobetetzea bai lan-merkatuan enplegatzaile gisa duten erakargarritasuna hobetzeko. Gainera, nork bere esperientziak ezagutaraztea eta besteenak ezagutzea eta enpresen arteko lankidetza oso ondo baloratu dituzte, beren taldeetan aplikatzeko ikuspegi praktiko eta berritzaileak eskaini dizkietelako.