Financial Times-ek inbertsio atzerritarrerako Europako eskualde ertain erakargarriena izendatu du Euskadi
2020/02/26
- Argitalpen-talde britainiarrak onentzat jo du, azterturiko 148 eskualdeen artean, inbertsioak erakartzeko jardunaren alorrean
Financial Times taldeko Fdi Intelligence aldizkariak, nazioarteko merkatu eta inbertsio-fluxuen posizionamenduan espezializatuak, berriro kokatu du Euskadi, aztertu dituen 148 eskualdeetatik, inbertsioak egiteko Europako eskualde erakargarrienen artean. Zehazki, eskualde ertainen lehen postuan jarri du, lurraldean inbertsio atzerritarrak erakartzeko garatzen den estrategia aintzat harturik, bai eta Europako hegoaldeko hamar eskualde onenen artean ere.
Hala, argitalpen espezializatuak laugarren aldiz jarraian aitortu du “Invest in the Basque Country” estrategiaren lana. Duela bi urte, inbertsio atzerritarrerako Europako hegoaldeko hamar eskualde erakargarrienen artean kokatu zuen Euskadi; duela hiru, berriz, inbertsio atzerritarrerako Europako seigarren eskualde onena izendatu zuen, eta eskualde ertainen artean azpiegitura logistikorik onena zuela adierazi.
2019an, “Invest in the Basque Country” sailak inbertsio atzerritarreko 129 egitasmo kudeatu zituen; horietatik 36 arrakastaz burutu ziren, eta horrek 133 milioi euroko inbertsioa eta 642 lanpostu eragin zituen, 404 lanposturi eusten laguntzeaz gain.
Bilbo, Europako hiri ertainetan hirugarrena
Hiriei dagokienez, aipatu argitalpenak Europako 319 aztertu ditu, eta Bilbok inbertsio atzerritarrerako hirugarren hiri ertain onenaren postua lortu du. Zerrenda egiteko orduan, Europako hiri eta eskualdeetako indargune ekonomikoak, enpresa-sarea eta finantza-gaitasunak aztertu ditu. Europako hegoaldeko hiri onenen kategorian, Bilbok bederatzigarren postua erdietsi du oraingoan ere.