EURAXESS sareak Bizkaia Talent aukeratu du sektore arteko mugikortasunaren arloko prestatzaile aditu
- Carmen Méndez de Castrok sareak ikertzaileentzat dituen baliabideei eta euskal elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko saio bat bideratu du
Mundu gero eta interkonektatuagoan, EURAXESS Worldwide-k mundu-mailan elkarreraginean aritzeko aukera eskaintzen du, horrela Europatik kanpo lan egiten duten, baina Europarekin konektatuta egon nahi duten ikertzaileei laguntza emateko. Sare honen bidez, ikertzaileek ikerketa europarra eta munduarekin garatu beharreko lankidetza zientifikoa sendo ditzakete.
EURAXESS TOP IV proiektuaren barruan, zeinaren helburua den lan-ibilbide dualak garatzeko zerbitzuen ezarpena eta funtzionamendua hedatzea, Euraxess sarearen eta EURAXESS Worldwideren arteko komunikazioa hobetzea da ekimenetako bat. Horretarako, sareko kideek jarraian zerrendaturiko gaietan adituak diren hiru kide europar hautatu dituzte berriki, mundu zabalean diren eta Europarekin konektatuta jarraitu nahi duten ikertzaileei laguntzeko asmoz:
• Intersectoral mobility: moving from academia to industry (Carmen Mendez, Bizkaia Talent)
• Entry conditions for non-EU nationals (Svetlana Dimitrova, Sofiako Unibertsitatea)
• EURAXESS Career Development Tools (Dean Hogan, Career Development & Training Professional)
“EURAXESS Network as part of an innovative services portfolio to support researchers’ intersectoral mobility” izenburuari jarraikiz, Carmen Méndez de Castrok, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren arduradunak, sarearen papera eta sektore arteko mugikortasunaren alde egiten duen apustua azaldu zituen; alegia, zein online baliabide dituen sareak ikertzaileek beren lan-ibilbidea akademiatik kanpo garatu ahal izateko, izan lan-eskaintzak industrian, izan akademiaz haragoko ibilbide profesionalak, edota laguntza pertsonalizatua, hala nola EURAXESS sarea osatzen duten 42 sare nazionaletako 600 kideek eskaintzen dituzten zerbitzuak. Era berean, ekintzailetza zientifikoari buruzko eskuliburu sortu berria eta Rebeca mentoring programa aipatu zituen.
Azkenik, Méndez de Castro Bizkaia Talenten gainean aritu zen, sare barruan kasu arrakastatsua dela esanez, euskal elkarteak ikertzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuen berri eman zuen, eta benetako kasu bi azaldu zituen: 1) Ikertzaile europar batek Japonian garatzen zuen bere lan-ibilbidea, baina Europara itzuli eta industrian jardun nahi zuen; azkenean, ekintzailetzara jo eta oinarri teknologikoko enpresa bat sortu zuen. 2) Ekintzaile eta ikertzaile txiletar batzuk Bizkaiara bizitzera etorri eta laborategi bat sortu zuten.