Bizkaia talenteko jardunek agerpena izan dute German Marshall Fundek eta Bilboko Udalak antolatutako Build Foroan
2016/11/09
Bizkaia talent elkartearen bidez Bizkaia-Euskadin talentua erakartzeko garatzen diren politikek agerpena izan dute Bilbao Innovation Leadership Dialogues Foroaren hirugarren edizioan, bertako zuzendari gerenteak, Ivan Jimenezek, “The future of the World” izenburupeko mahai-inguruan izandako partaidetzari esker.
Bilbao Urban Innovation Leadership Dialogues Foroaren (Build) III. edizioko programazioaren barruan, mahai-ingurua egin zen, eta Jimenezek bertan parte hartu zuen, Euskadin tokian-tokian garatzen ari diren ekintzei eta ekimenei buruz hausnartzeko, gure lurraldera ondo baino hobeto prestatutako profesionalak erakartzea eta, SAREKO lanaren bitartez, metropoli lehiakorragoak eta bizigarriagoak eratzea dutelako helburu.
Horrela, zuzendari gerenteak bertaratutakoen galderei erantzun zien, eta Be Basque Talent Networken funtzionaltasunaren aurkezpen laburra egin zuen. Izan ere, Euskadirekin eta bertako egoera sozio-ekonomikoaren harremanetan dauden edo egon nahi duten profesionalen sare handiena da, eta 7.500etik gora erabiltzaile eta 200 erakunde daude bertan. Era berean, aurten hirugarren edizioa egingo duen Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programa zein den ere azaldu zuen.
BUILD 2016 aukera aparta da, AEBko eta Europako hirien arteko sareko lana indartzeko eta Bilbo bera Atlantikoaren bi aldeetako hiriguneen sendotasunari buruzko azterketan erreferentea izateko.
German Marshall Fund (GMF) erakundearen eta Bilboko Udalaren arteko aliantza estrategikoa 2013an hasi zen, Bizkaiko hiriburuan bertan Alkateen Foroa egin zenean. Horri esker, hitzarmen handiak sinatu ahal izan dira hiriko plangintzaren eta berrikuntzaren arloan.
2014an egindako lehenengo foroan, zenbait kontzepturi buruzko ideiak trukatu ziren, AEBko eta Europako hiriek garatu beharreko funtsezko ezaugarriak direlako: jasangarritasuna, inklusioa, lidergoa eta nazioarteko ezarpena. BUILD 2015 Foroaren helburua aurreko edizioan lortutako ideiak eta ondorioak lidergo berritzailearen bidez ezartzea zen, ordea.
Bilbon, German Marshall Fundeko Ordezkaritza Bulego Teknikoa dago Bilboko Udalak eta AEBko erakundeak 2013an sinatutako eta 2015eko urtarrilean berritutako hitzarmenari esker.
German Marshall Fund irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta 1972an sortu zen Alemaniak AEBri egindako ekarpen moduan, Marshall Planaren omenaldi iraunkorra izan zedin, Bigarren Mundu Gerraren ostean AEBk Europari laguntzeko abian jarritako programa izan zen-eta. Atlantikoaz bestaldeko lankidetza eskualdeko, nazio-mailako eta mundu-mailako estrategien eta aukeren arloan sendotzea da bere xede nagusia.