Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak IK4-Azterlan zentroa eta Durangaldeko hiru galdategi batzen dituen programa babesten du, jauzi teknologikoa egiteko fabrikazio adimendunerantz eta 4.0 industriarantz

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak, Imanol Pradalesek, gaur goizean ‘Etorkizuneko fabrika’ proiektu pilotua aurkeztu du Durangon. Epe ertain eta luzeko lanerako plan handinahia da eta beraren bitartez jauzi kualitatiboa egingo da, Bizkaia laugarren industria iraultzaren trenera igo dadin. Alemaniatik etorritako kontzeptua da, eta 4.0 industria ere deitzen zaio; fabrikazio adimendunaren printzipioa du oinarri. Proiektuan bat egin dute Durangaldeko erreferentziako hiru galdategik, Garbi, Betsaide eta Fuchosak, eta IK4-Azterlan teknologia zentroak. ‘Etorkizuneko fabrikan’ lankidetzan dihardute erakunde publikoek eta pribatuek. Hura 2015ean eta 2016an garatzeko 3.960.000 euroko aurrekontua dago, eta horietatik Bizkaiko Foru Aldundiak 640.000 euro jarri ditu.

“Programa hau, beste ezeren gainetik, etorkizunerako egin beharreko apustua da. Izan ere, edo tren honetara igotzen gara edo lehiakorrak izateari utziko diogu. Bizkaiko galdategiak eraldatuko ditugu, azken teknologiez hornitu eta adimendun bihurtuko ditugu”, baieztatu du Pradalesek. “Enpresek badakite fabrikazio adimendunera egokitzen ez badira urte batzuk barru ez direla lehiakorrak izango. Horrexegatik aurkezten dizuegu Industry 4.0ko proiektu behar-beharrezko hau, guztiz egiazkoa eta ukigarria; enpresak ausartak izan dira erronka onartzeko eta epe labur eta ertaineko bidaiari ekiteko, hiru galdategien eraldatze osoa 6-8 urteko epean lortuko baita, nahiz eta urtero aurrerapenak eta emaitzak neurtu ahal izango diren. Proiektua jarraitu beharreko eredua izan daiteke, dela Bizkaiko beste galdategi batzuentzat dela adimendunak izan nahi duten beste sektore batzuentzat”, iragarri du Ekonomi Garapena Sustatzeko diputatuak.

‘Etorkizuneko Fabrika’ proiektuak dakarren erronka da, besteak beste, metalen eraldatze prozesuetan erabiltzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), bai eta kontrol eredu igarleak (KEI) bezalako tresna informatiko berriak ere. Helburua da enpresen produktibitatea hobetzea Bizkaiko hiru galdaketa-enpresek abiarazi berri duten iraupen luzeko prozesuan.

Haietako bakoitzak beharrizan, prozesu-teknologia eta abiapuntuko egoera desberdinak ditu. Horregatik, proiektuak berariazko lan planak planteatzen ditu, bakoitzaren beharrizanei erantzungo dietenak, baina esparru bakarrean eta hirurek batera dituzten ezaugarriak kontuan hartuta, hala nola produktu adimendunak (Smart Products) fabrikatzea, balio erantsi handikoak, trazabilitate osoa eskaintzen dutenak ekoizpen prozesuari dagokionez; prozesu adimendunak (Smart Processes), kontrolatu ez ezik arriskuak ebaluatu eta murriztu ere egiten dituztenak denbora errealean proposatutako zuzenketen bitartez; eta kudeaketa adimenduna (Smart Management), fabrika eta prozesuak kudeatzeko sisteman parte hartzen duten pertsonei ahalbidetu behar diena erabaki egokiak hartzeko behar duten informazioa une oro eskura izatea.

Ildo horretan, Pradalesek azaldu du enpresak fabrikazio adimendunerako egokitzeko eraldatze osoa hiru maila horietan egingo dela, alegia, produktuan, prozesuan eta kudeaketan.

“Produktu mailan, material urtua piezaren barruraino bideratzen duten ‘hodiak’ berriro diseinatuko dira, piezekin lotzen diren aldean berez apurtu daitezen eta prozesuaren amaierarako piezak erabat askatuta eta amaituta egon daitezen”, zehaztu du. “Prozesu mailan, lantegian sentsoreak jarriko dira eta makina guztiak prestatuko dira prozesuaren parametroak bidali ditzaten, denbora errealean, zerbitzari nagusi batera, berak automatikoki erabakiak hartuko baititu, analisian oinarrituta, eta agindu zehatzak bidaliko baititu makinetariko edozeinetara”, erantsi du Pradalesek, eta azaldu du, gainera, lantegiko datuen kudeaketa eta analisi adimendunak aukera emango duela “amaierako pieza bakoitzean parte hartu duten parametro eta materialen balio guztiak jakiteko. Pieza akastunen bat irteten bada, jakin ahal izango da zein parametrok eragin duen, eta aurrerantzean akats hori saihestu ahal izango da. Ia akatsik gabe fabrikatu ahal izateaz ari gara”, adierazi du Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×