Eusko Jaurlaritzako BIND 4.0 Europako Batzordeak Enpresa Sustapenerako ematen dituen sarien irabazle
- Enpresa-ingurunearen hobekuntzaren kategorian irabazi du, Berlinen ospatu den ETEen urteko batzarrean
Industria adimenduneko berrikuntza irekiko BIND 4.0 plataformak irabazi du Enpresa Sustapenerako Europako Sarien XIV. edizioa, enpresa-ingurunearen hobekuntzaren kategorian. Sari horiek Europako Batzordeko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETEetako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu. Irabazlearen izena Berlinen azaroaren 16an ospatu den ETEen urteroko batzarrean eman dute ezagutzera. Sari horren bidez ekintzailetzaren sustapenaren tokiko, eskualdeko eta nazio-mailako politikak aitortzen dituzte.
Hautagaitza hori beste 13 proposamenen artean hautatu dute. Bertan, estatuetako, autonomia-erkidegoetako eta tokiko administrazioek, eta ekintzailetza sustatzeko jarduketak egiten dituzten eta ekonomia bultzatzen duten elkarte publiko-pribatuek eta enpresa-erakundeek hartu dute parte.
BIND 4.0 Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia duten enpresa global nagusiek —adibidez, Siemens Gamesa, Unilever edo Mercedes Benz, besteak beste— sustatutako berrikuntza irekiko plataforma bat da. Programa horren bidez, enpresen eta startupen arteko elkarrekintza dinamizatzen da, industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren esparruetan berrikuntza eta eraldaketa digitala sustatzeko helburuarekin.
Nazioarte-mailako ekimen publiko-pribatu bat da, eta hiru helburu nagusi ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ekosisteman startupen garapena bizkortzea, enpresen eraldaketa digitala sustatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ekosistema industria-ekintzailetzako hub aurreratu gisa kokatzea. 2016an programa abian jarri zenetik, 100 startup baino gehiago bizkortu dituzte eta 170 proiektu baino gehiago garatu dituzte.