Bizkaia Talentek aipamen berezia jaso du, Davosen, Global Talent Competitiveness Index 2019ren aurkezpenean, bere etengabeko berrikuntzaren aldeko ereduagatik
- Bilbo 44. postuan dago talentu-indize oneneko hirien mundu-mailako rankingean
Munduko Ekonomia Foroaren urteko batzarraz batera, Davosen, Insead nazioarteko negozio-eskola entzutetsuak, Grupo Adecco-k eta Tata Communications-ek enpresa-talentua sustatzeko hiri eta herrialdeen gaitasuna. Neurtzen duen Global Talent Competitiveness Index (GTCI) delakoaren VI. txostena aurkeztu dute.
Bizkaia Talenten Be Basque estrategiak bigarren urtez jarraian jaso du aitorpena, oraingoan bereziki aipatu baitute, batzarrean bildutako ordezkaritza guztien artean, arlo honetan mundu-mailako liderren artean jarraitu beharreko eredu gisa, bai azken urteotako ibilbideagatik bai berrikuntzaren alde etengabe egiten duen apustuagatik. Azterturiko 114 hirien artean, Bilbo 44. postuan dago.
GTCI txostenaren arabera, Bilbo Euskadiko hiri nagusia da (datuak eskualde-mailakoak dira), eta lehiakortasun-maila handia du, hauexek nabarmenduta: informazio- eta komunikazio-teknologiak eskuratzeko erraztasuna, bizi- eta ingurumen-kalitatea, pertsonen segurtasuna, eta hirugarren mailako hezkuntza duen biztanleria aktiboaren alde eginiko apustua; azken horretan, Bizkaiko hiriburua mundu-mailako liderretako bat dela dio. Hobetu beharrekoei dagokienez, multinazional handiak eta nazioartean itzal handia duten unibertsitateak urriak dira, eta ikerketa zientifikoan eta garapen teknologikoan gehiago inbertitu beharko litzateke, azken urteotan inbertsioak ugaritu egin badira ere.
Bilbo, Estatuko lehena talentua erakartzen
Bilboz gain, Estatuko beste hiru hiri baino ez dira ageri mundu-mailako sailkapenean: Bartzelona, Madril eta Zaragoza. Horiek, enpresa-talentua erakartzeko ahalmenari dagokionez, 51., 39. eta 36. postuan daude; Bilbo, berriz, 31.ean, haien guztien aurretik.