Eusko Jaurlaritzak Industria Plana krisialdiari erantzuteko eraginkorra izan dela adierazi du
2014an, Planak modu zuzenean eragin zion 3.627 industria-proiekturi, 3.490 enplegu berri sortu zituen industrian eta, gutxienez, beste 16.121 lanpostu mantentzen lagundu zuen. 5 proiektu gauzatu ziren Invest in Basque Country estrategiaren bidez, 44,5 milioi euroko Atzerriko Inbertsio Zuzenarekin.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatutako 2014-2016 Industria Planak Euskadiko industria-esparruan 3.490 enplegu berri sortzen eta, guztira, 16.121 mantentzen lagundu zuen.
Arantxa Tapia sailburuak gaineratu zuen industrian sortzen den enplegu bakoitzeko, zerbitzu alorrean 3 eta 5 enplegu bitartean sortzen direla. Hala, 3.627 industria-egitasmo landu eta bultzatu ziren, tamaina desberdinekoak eta premia oso desberdinekin: finantzazioa, berregituraketa-egoerak, teknologia aurreratuak, berrikuntzako proiektuak, makineriaren modernizazioa eta ekintzailetza-proiektuak.
Arantxa Tapia sailburuak eman zuen planaren emaitzen berri, Industriako sailburuorde Javier Zarraonandia eta SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriola zituela lagun, BECen ospatzen ari den Industria Astearen esparruan. Adierazi duenez, emaitzok «Industria Planaren gaitasuna eta ahalmena bermatzen dute, Euskadiko Industriaren beharrizanei erantzuteko gai den tresna gisa». Emaitzak 2014ko Industria Planari dagozkio; gutxi barru, Eusko Legebiltzarrari helaraziko zaizkio.
2014: enpresen jardueran isla izan duen joera-aldaketa
2013an, finantzazio eskasak bereziki zigortu zuen Euskadiko enpresagintza; 2014 urtea, berriz, testuinguru mesedegarriagoan igaro zen, adierazleen joera-aldaketaren eraginez: ekonomiak susperraldi txiki bat izan zuen, nabarmen beheratu zen enplegu erregulazioko espedienteen kopurua, eta konkurtsopeko enpresa gutxiago egon ziren. Horrek guztiorrek inbertsioaren bideari berrekiten eta enplegua sortzen hasten lagundu zien Euskadiko enpresei. (Erantsitako tauletan daude datuak)
Eusko Jaurlaritzaren industria-politikak lau jarduera-esparru hauek ditu ardatz: berregituratzeko laguntza ematea zailtasunak dituzten enpresei; laguntza ematea industriako proiektu estrategiko berriei (eragin bultzatzailekoei); industria finkatzea, I+G programen bidez eta bai industriaren bai energiaren alorrean testuinguru lehiakor bat sortzea enpresa-ehun osoarentzat.
Nolanahi ere, uneko premia larrienei erantzuteko balio izan du (2014 urtekoak, kasu honetan) eta, aldi berean, erantzuna emateko Euskadiko industriaren etorkizuna markatzen duten irizpideei ere. Hain zuzen, 4.0 deritzon industriarena: Espezializazio Adimendunaren estrategiak besterendua, gero eta EIKT gehiago txertatzeko premian, eta betiko industria jarduera Internet aroko zerbitzu aurreratuenekin bateratzeko gai dena.
Zailtasun larriak dituzten enpresei laguntza ematea
Aipatzekoak dira, halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Sprik berregituraketa- edo salbamendu-irtenbideak kudeatzen lagundu dituzten ehun-edo enpresak: Gipuzkoan, Fagor, Azkue Altzariak, TS Fundiciones, Coima/Danona eta Gorosabel; Araban, Kider, Novacero eta Holtza; eta, Bizkaian, CAbles y Alambres, Fabio Murga, Iketz eta San Eloy.
Atzerriko Inbertsio Zuzena – Invest in Basque Country
2014 urtean, berezko garrantzia hartu du Euskadira atzerriko zuzeneko inbertsioak eta itun estrategikoak ekartzeko lan-ildoak. Hiru ardatz nabarmendu dira ildo horretan:
1.- Euskadin ezarritako atzerriko enpresen jarraipena egiteko eta horiek finkatzeko jarduerak (Aftercare)
2.- Inbertitzaileak erakartzeko, Lankidetza Sare bat handitzera bideratutako jarduerak
3.- Zerbitzu integrala eskaintzea Euskadin ezartzeko aukera aztertzen ari diren enpresei
Jardueroi esker, 2014an, Atzerriko Inbertsio Zuzeneko (AIZ) 51 proiektu kudeatu ziren, eta 44,15 milioi euroko inbertsioa sustatu duten bost proiektu zertu, zeinei esker, 142 enplegu berri sortu baitziren eta 170 mantendu.