Bizkaia Talentek Headhunting Support Centre tresna jarri du abian, Euskadiko erakundeek talentua erakar, manten eta gara dezaten
- Bizkaia Talenten eta Be Basque Talent Networken izena emanda dauden erakundeek Euskadiko lan-merkatuaren joerak, soldatak, eta zerga-abantailak kontsultatu ahalko dituzte, bai eta beste herrialde eta eskualde batzuekin alderaketak egin ere, eta gehien eskatzen diren profil-motei eta beraiekin lotuta dauden gaitasunei buruzko aholkularitza jaso ahalko dute
Bizkaia Talentek abian jarri du Headhunting Support Centre (HSC) tresna digitala, zeinak munduan parekorik ez duen. Euskadiko erakundeetako giza baliabideen arloko profesionalei bideratuta dago. Hala, langileak errekrutatzeko estrategian lagunduko die: batetik, erakundeen beharren araberako goi-mailako prestakuntzadun talentua lortu ahal izateko; bestetik, prozesuak eta bitartekoak bizkortzeko, eta lan-ibilbidea garatzeko planetan laguntzeko.
Basque Talent Observatoryren bidez ―berau ere Bizkaia Talenten tresna― eskuratutako milioika datu kudeaturik, Euskadiko erakundeek lan-merkatuak gehien eskatzen dituen lanpostuak, eta gaitasun teknikoak eta zeharkakoak ikusiko dituzte, bai eta horien guztien denboran zeharreko bilakaera ere ―sektoreka ere bai―. Erakutsiko diren datu horiek guztiak azkeneko 24 hilabeteotan Euskadin eginiko goi-mailako prestakuntzarekin lotutako 35.000 lan-eskaintzaren baino gehiagoren azterketaren emaitza dira. Halaber, profesionalei beraien lan-ibilbidearen planaren garapenean laguntzeko aukera egongo da, goi-mailako prestakuntzadun lan-merkatuak edozein profil dela-eta eskatzen dituen gaitasunak erakutsiko baitira.
Era berean, goi-mailako prestakuntzadun profesionalei ―unibertsitate-tituludunak― dagokienez, HSC baliatuta, erakundeek aztertu ahalko dituzte datozen lau urteotako Euskadiko lan-merkatuaren beharren joerak. Horretarako, era askotako konbinazioak egin ahalko dituzte, hala sektoreka nola hezkuntza-arloka.
Orobat, Espainiako estatutik kanpo 6 urtez gutxienez bizi izan diren profesionalak kontratu nahi izanez gero, tresnak informazio xehatua eskainiko du profesional horiek izan ditzaketen zerga-salbuespenei buruz.
Horrez gain, HSCren matching sistema automatikoak segundo bakar batzuetan parekatuko ditu, automatikoki, erakundeen lan-eskaintzak eta hautagairik onenak. Dena den, profesionalak errekrutatzeko arduradunak profilak bere kabuz bilatzea erabakiz gero, goi-teknologiako bilatzaile baten bidez egin ahalko du. Profil egokia aurkitze aldera, bilatzaileak milisegundo gutxi batzuetan arakatuko ditu egun Bizkaia Talenten plataformetan izena emanda dauden eta 100 herrialdetan baino gehiagotan bizi diren 12.500 profesionalen profilak.
Izena emanda dauden erabiltzaileek soldaten gaineko berariazko atal baterako sarbidea izango dute, non Euskadiko lan-merkatuko soldata gordinen eta garbien batezbestekoa kontsultatu ahalko duten (arlo, azpiarlo, lanpostu eta eskarmentuaren arabera). Halaber, Espainiako estatuko hiri nagusiek dutenarekin erkatu ahalko dute, bai eta Europako eta munduko beste herrialde batzuek dutenarekin ere ―azken horiek erosteko ahalmen-parekotasuna aintzat hartuta―.
Azkenik, aipatu beharra dago HSCk ahalbidetuko duela Euskadiko ongizatea bai Europar Batasuneko (EB) edozein herrialdetakoarekin bai Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) osatzen duten herrialdeetako eskualdeetakoarekin alderatzea. Ildo horretan, besteak beste, ondoko adierazleei buruzko informazioa emango du: hezkuntza, irisgarritasuna, etxebizitza, osasuna, errenta erabilgarria edo ingurumena. Horiei guztiei esker, Euskadiko irudi erreala eskainiko du hala lan-esparruan nola lan-esparrutik harago. Zalantzarik gabe, balio handiko elementua izango da Euskadira talentua erakartzeko. Erakundeek, era berean, alderaketa horiek ikusi ahalko dituzte pertsonak eskualde jakin batzuetatik ekarri ahal izateko. Horrela, hautagaientzako ad hoc eskaintza bat eduki eta bai lan egiteko bai bizitzeko tokia balioetsi ahal izango dute.
Bizkaia Talenten zuzendari gerente Ivan Jimenezek azpimarratu du tresnak laguntza handia eskainiko diela erakundeei hautagairik onenak bereganatu ahal izateko. “Goi-mailako talentuaren eskualde-kudeaketa dela eta, Headhunting Support Centrek munduko abangoardian kokatuko gaitu berriz ere. Izan ere, balio erantsi handiko informazioa emango dien teknologia jarriko du Euskadiko enpresen eskura. Iragan hurbila, oraina eta etorkizunaren ikuspegia oinarri, teknologia hori gure herrialdearen nazioarteko lehiakortasun-elementua izango da, talenturik onena eskuratzeko borrokan”.