Deustu, munduko 20 unibertsitate onenen artean jendarte justu, bakezale eta inklusiboen sustapenari dagokionez; EHU, berriz, munduko 49. onena genero-berdintasunaren esparruan
- Impact Rankings 2020k unibertsitate bien gizarte-inpaktua ebaluatu du, Nazio Batuek sustaturiko Agenda 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) eginiko ekarpenak aintzat hartuta.
- Guztira, 85 herrialdetako 766 unibertsitate aztertu dituzte.
Times Higher Education-en (THE) Impact Rankings-en bigarren edizioak Deustuko Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) lana nabarmendu du, batez ere Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) arteko 16.ari eta 5.ari egindako ekarpenengatik, hurrenez hurren.
Deustu munduko 20 unibertsitate onenen artean dago, nabarmen sustatzen dituelako garapen iraunkorrerako jendarte justu, bakezale eta inklusiboa, denok justizia eduki ahal izateko erraztasuna eta, maila guztietan, kontu emango duten erakunde eraginkor eta inklusiboen eraikuntza (16. GIH). Hala, zazpi postu igo da sailkapenean, joan den urtekoari dagokionez. EHUk, berriz, lehenengo aldiz hartu du parte rankingean, eta 49 onenen artean sartu da 5. GIH betetzeko egindako lanagatik, alegia, genero-berdintasuna lortzeko eta emakume zein neskatila guztiak ahalduntzeko.
Impact Rankings-ek darabiltzan adierazleek ebaluatzen dute zer-nolako eragin sozioekonomikoa duten goi-hezkuntzako erakundeek 17 GIHetan, prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta gobernantzaren arloak barne. 2020. urte honetan, rankingaren bigarren edizioan, 85 herrialdetako 766 unibertsitate aztertu dira.
Zerrendak, era berean, 25. postuan jarri du Deustu bere lan duin eta hazkunde ekonomikoagatik (8. GIH), eta EHU munduko 59 erakunde onenen artean bere ekoizpen eta kontsumo arduratsuagatik (12. GIH).