Europako bizi-kalitatearen indizea: Euskadi Europako leku onenen artean eta liderra Estatuan
2021/05/12
- Europan, Bizkaia bizi-kalitaterik onena duten herrialdeen % 4ren barruan dago, 1.442 herrialderen artean.
- Bizkaia eta Gipuzkoa lehen eta bigarren postuan dira Estatu-mailan, eta Araba, berriz, zortzigarrenean.
Euskadin bizi-kalitate handia dago, eta hala erakusten du Europako lurralde-antolamenduaren sareko behatokiaren (ESPON) ikerketa batek; ikerketa aplikatuko programa horren xedea da garapenerako lurralde-politiken formulazioari estaldura ematea Europan. Txostenak Europako bizi-kalitatea neurtzen du, ESPONek TQoL izendatzen duenaren bidez: izaki bizidunek bizirik irauteko eta leku batean aurrera egiteko duten gaitasuna, eremu horretako bizitzari eusten dioten faktore sozioekonomikoei eta baldintza ekologikoei esker.
Europar Batasuneko NUTS 3 (Lurralde Unitate Estatistikoen nomenklatura ─herrialdeetakoak Euskadiren kasuan─) sisteman oinarrituta, txostena hiru multzotan banatuta dago (bizimodu onerako bideratzaileen indizea; bizi-garapenaren indizea; ingurunearekiko gogobetetze-indizea), eta bederatzi azpitaldetan, non guztira 49 adierazle aztertzen diren.
Bizimodu ona egiteko bideratzaileen indizeak aukera ematen du ongizate-estatuko azpiegituretarako sarbide hobea duten Europako herrialdeak bereizteko. Esparru horretan, Bizkaia (27/1442) eta Gipuzkoa (129) nabarmendu egiten dira rankingean, azpiegitura berdeak dituztelako. Bizkaian, kultur ondasunak ere nabarmentzen dira (134).
Bizi-garapenaren indizeari dagokionez, Euskadi dugu Europako lehena jaiotzako bizi-itxaropenaren adierazlean. Era berean, txostenak Euskadiko hiru lurraldeetako gizartearen osasun-egoera (58) ona erakusten du, pobrezia-arriskuan, hezkuntza behar baino lehen uztear edo goi-mailako ikasketak eskuratzear dauden pertsonen tasari dagokionez.
Azkenik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ingurunearekiko gogobetetze-indizearen Europako rankingean dituzten postu bikainak aipatu behar dira. Indize hori honako adierazle hauetan oinarritzen da: desgaitasuna duten pertsonekiko jarrerak, lan komunitarioan parte hartzea edo ekosistemen zerbitzuen balio garbia: Gipuzkoa (33), Bizkaia (45) eta Araba (75).
Eskandinaviar herrialdeekin buruan
Bizkaia eta Gipuzkoa Norvegiako eta Suediako herrialde ia gehienen ondoan daude buruan, bizi-kalitate handia baitute, Alemania, Suitza, Austria eta Herbehereetako herrialdeekin batera.