Talentuaren Euskal Behatokiaren lehenengo txostena aurkeztu da
- Goi-mailako prestakuntzadun Euskadiko lan-merkatuan gehien eskatzen diren sektore, lanbide eta trebetasunen azken bi urteotako konparatiboa dakar
Bizkaia Talentek “Basque Talent Observatory: joerak” txostena aurkeztu du, 2017. eta 2018. urteetan Euskadiko lan-merkatuan izandako joerak aztertu dituena, Basque Talent Observatory delakoaren bitartez. Bizkaia Talentek sortua, Basque Talent Observatory tresnak denbora errealean jasotzen du Euskadin unibertsitateko ikasketak eskatzen dituen goi-mailako prestakuntzadun lan-merkatuaren gaineko informazioa, online-iturriak erabiliz eta Big Data analisia oinarri, zeinak talentu-beharrak aztertuz irudi sendoa izatea ahalbidetzen duen.
34.030 lan-eskaintza aztertu ostean, 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra, agerikoa da Bizkaian izan zirela urte bi horietan goi-mailako prestakuntza eskatzen zuten lan-eskaintza gehien, eta, horrez gain, goranzko joera dagoela; izan ere, 2017an, % 49 ziren, eta 2018an, berriz, % 54. Sektore guztien artean, zerbitzuenak ematen du argitara eskaintza gehien, % 75,20 eta % 72,29 azken bi urteotan, hurrenez hurren, merkataritzarenak eta industriarenak baino askoz gehiago; azken hori asko hazi zen eskaintzak argitaratzeari dagokionez (2017an, % 16,29; 2018an, % 21,12).
Lan-eskaintza gehien plazaratzen duten industria/sektore edo jarduera ekonomikoek egonkor jarraitu zuten 2017an eta 2018an, nahiz eta lehen urtetik bigarrenera hazkunde garbia izan zen fabrikazioaren, hezkuntzaren eta administrazio publikoaren esparruetan. Rankingaren aurreneko 3 postuetan, jarduera profesionalekin, zientifikoekin eta teknikoekin loturiko jarduerak daude oraindik ere, hala nola informazio eta komunikazioaren arlokoak, bai eta fabrikazioaren esparrukoak ere.
Era berean, azterketaren arabera, goi-mailako prestakuntzadun lan-merkatuan gehien eskatzen diren lanbideak dira industria-ingeniariak, software-garatzaileak, salmentetara bideraturiko profesionalak, ingeniari mekanikoak eta sistema-analistak. Aipatu beharra dago azkeneko hori hazi egin zela 2017tik 2018ra, ikerketa- eta garapen-kudeatzaileak, bestelako ingeniaritzak, eta delineatzaile eta proiektugileak bezalaxe.
Azkenik, hauek dira lan-merkatuan azken bi urteotan gehien eskatu izan diren trebetasunak: hizkuntzak, informatika-ezagutzak, aldaketetara egokitzeko gaitasuna, bezeroarentzako arreta, talde-lana, proiektuetako lidergoa eta pentsamendu sortzailea. Aipamen berezia merezi dute ingelesak, bezeroentzako laguntzak, bezeroentzako zerbitzuak eta proiektuetako lidergoak, gero eta gehiago eskatzen baitira.