Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoak koordinatzeko konpromisoa indartu du eta 2016ko jarduera-arloak zehaztu ditu
Erakundeetako enpresa-nazioartekotzaren arloko arduradun nagusiek Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoaren Kontseilu Errektorea egin dute. 2016ko martxoan «Mundura Begira» enpresentzako ekitaldia egingo dute, erakundeen ekimenez osatutako katalogo bateratua aurkezteko. Programa guztien eraginkortasuna berrikusiko dute, elkarrekin programa berriak abiarazteko aukera baztertu gabe.
Euskadiko erakundeak Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoaren (NEP) Kontseilu Errektorean bildu dira gaur, eta erakundeari babesa erakutsi diote berriz. Izan ere, administrazioek nazioartekotzeari buruz hitz egiteko eta eztabaidatzeko foro eta nazioartekotzearen arloan egiten duten ekintza publikoa koordinatzeko plataforma bihurtu da, eta atzerrian batasun-itxura zabaltzen du, gure herrialdearen, enpresen eta eragileen ikusgarritasuna sustaturik hartara.
Ondoko hauek osatu dute Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoaren Kontseilu Errektorea gaur goizean Lakuako egoitzan: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak, Arabako foru-diputatu Pilar García de Salazarrek, Bizkaiko foru-diputatu Imanol Padralesek, Gipuzkoako foru-diputatu Ainhoa Aizpuruk eta merkataritza-ganberetako presidenteek, hau da, Arabako Ganberako Gregorio Rojok, Bilboko ganberako Jose Angel Corresek eta Gipuzkoako Ganberako Pedro Esnaolak.
Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoaren koordinazio-formula Euskadiko enpresen sarea hobeto nazioartekotzeko eraginkorra dela usterik, hauexek izan dira erakundeen lehen konpromisoak: nazioartekotzearen arloko beren arduradun nagusiek partzuergoan parte hartzea, erakundeetako nazioartekotzeko zuzendariak batzorde exekutiboan parte hartzea eta kudeaketa-organo nagusiari garrantzi eta zentzu are handiagoak ematea.
Hurrengo ekitaldirako jarduera-ildoek batez ere lau arlo hartuko dituzte barne, hain zuzen ere:
- Mundura begira, 2016ko martxoan: NEPk enpresen nazioartekotzeari buruzko dibulgazio- eta hausnarketa-jardunaldia antolatuko du. Euskadiko enpresentzat urtero egin nahi duten ekitaldi erreferente baten lehen edizioa izango da, eta partzuergoko erakunde-kide guztiek funtsezko zeregina izango dute.
Lehena izanik, enpresei Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoa aurkezteko erabiliko dute: enpresei koordinazio-ibilbidearen berri eman eta erakundeekin elkarlanean aritzeak ekartzen dituen onuren katalogoa azalduko diete.
- Euskadi-Mexiko plana: Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoren Batzorde Exekutiboak Euskadi-Mexiko Planaren segimendua egiten du, partzuergoko eragileen ekintzak eta ekimenak gehitzeko, horien koordinazioa hobetzeko eta ebaluazio jarraitua egiteko.
- Programen ebaluazioa: Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiek nazioartekotzea babesteko abiarazitako programen ebaluazio tekniko zehaztua aurrera eraman da, baterako ahalegin ekonomikoaren eraginkortasuna eta efikazia handitzeko doikuntzak eta hobekuntzak identifikatze aldera.
- Koordinatutako programa berriak: elkarrekin sortutako edo koordinatutako programak diseinatzeko aukerak aztertzeko konpromisoa hartu dute. Aurrerapen moduan, partzuergoen sorrera babesteko balizko programa koordinatua eta nazioarteko lehiaketa publikoetan parte hartzea babesteko plataformaren sorrera aipatu dituzte.
Baterako programei babesa eman arren, eragile guztien autonomia errespetatuko litzateke. Hala, instituzio bakoitzak bere programak optimizatzeko moduak bilatu beharko lituzke baliabideek ahalik eta inpaktu handiena izan dezaten.
Azterketa honetan kontuan hartu beharreko alderdietako batzuk dira, alde batetik, programak nola banatu edo bereizi (horretarako elkarrekin eragile edo programa bakoitzaren espezializazio-alorra identifikatuko dute) eta, bestetik, irizpideen eta administrazio- eta ebaluazio-prozesuen homogeneizazioa.