Ikerketa eta talentua Euskadira erakartzeko prozesua, zenbait ikuspegi eta premiatatik
2017/09/25
- Euskadiko zenbait erakunde eta instituziotako profesionalek euren ikuspegia defendatu zuten CIC nanoGUNEn egindako mahai-inguruan
- Bizkaia Talenteko zuzendaria den Ivan Jimenezen esanetan, “prestatuta egon behar gara, talentuaren trenaren nazioarteko ibilbidean Euskadi geltokietako bat izan dadin. Ikerbasque eta Bizkaia Talent ekimenen bidez, esaterako, Euskadi mapa horretan lekuratzea dugu helburu”
Uztailean, CIC nanoGUNEko egoitzan egin zen mahai-inguruan, zenbait euskal erakundetako profesional ospetsuek ikerketari eta talentua Euskadira erakartzeko prozesuari buruz daukaten iritzia zein den adierazi zuten zenbait ikuspegi eta premiatatik.
Eztabaida Cic nanoGuneko José María Pitarke zuzendari nagusiak moderatu zuen, eta honako hauexek parte hartu zuten bertan: Nuria Gisbert, CIC energiGUNEko zuzendari nagusia; Miguel Angel Arocena, Basque Center on Cognition, Brain, and Languageko gerentea (BCBL); Iñigo Atxutegi, Ikerbasqueko gerentea; Jesús María Rodríguez, AEG Power Solutionseko zuzendari nagusia 2016ra arte, eta Ivan Jimenez, Bizkaia Talenteko zuzendari gerentea.
Ikerketaren eta enpresaren ikuspegitik talentuaren erakarpenari buruz eztabaidatzea izan zen ideien mahaiaren helburua, baita gaur egungo ikuspegiak eta premiak zein diren jakitea ere. Mundu globalizatuan, oraingo eta etorkizuneko lehiakortasunaren zutabeetakoa talentua erakartzea eta eustea da. Premia horren jakitun, Euskadin zenbait proiektu jarri dira abian horretarako; esate baterako, Ikerbasque, Bizkaia Talent eta, oraintsuago, Gipuzkoa Talent ere bai.
Ekimen horiez gain, unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta zenbait enpresak badakite talentua munduko leku guztietan dagoela eta talentuaren alde lehiatu behar garela, kanpoan daudenak erakartzeko eta berton ditugunei edo gurekin prestatu direnei eusteko.
“Unibertsitate eta ikerketa-zentroetan, talentu ikertzaileari erreparatu diogu, eta, enpresetan ere, ikertzailea ez ezik beste era bateko talentua ere izan da garrantzitsua”, baieztatu zuen Cic nanoGuneko zuzendari nagusiak.
Agerraldietako batean, honako hauxe adierazi zuen Ivan Jimenezek: “adituek baieztatu dutenez, talentua bi faktoreren konbinazioa da: jarrera eta gaitasuna. Gaitasuna prestakuntzaren bidez lortzen da”. “Oro har, jarrera bera da elementu bereizgarria, baina are gehiago gaur egun, lan-ibilbideak luzeagoak direla eta etengabeko prestakuntza garrantzitsuagoa dela kontuan hartuta. Niretzat, bi faktore horien konbinazioa da talentua”, erantsi zuen.
Baieztapen hori Ikerbasqueko Iñigo Atxutegi zuzendariak indartu zuen honako hauxe esatean: “azken hamarkadotan talentuan egindako inbertsioaz hitz egiten dugunean, argi eta garbi dugu pertsonak oso garrantzizkoak direla beste era bateko baliabideen aldean; esate baterako, ekipamenduak edo azpiegiturak. Jakin badakigu zer den bereizgarriena, hau da, ikerketako proiektuak aurrera eramateko moduko pertsona egokiak edukitzea.
Era berean, moderatzaileak egindako galderei erantzuteko asmoz, honako hauxe azaldu zuen Jimenezek: “bizi-kalitatea barik gaur egun sustatutako bizi-estandarra eskaintzen duen leku zehatzaren bila dabil talentua: talentudun pertsona horiek egunez egun edukiko dituzten dinamikak eurak leku zehatz batera doazenean”.
Etorkizun hurbilari dagokionez, Jimenezek iragarri egin zuen laneko harremanak banakakoagoak izango direla etorkizunean eta, bertan, helburuen bitartez egingo direla balioespenak. Hala ere, bere esanetan, gai horretan Euskadi desabantailan dago beste leku batzuen aldean, enpresa sustatzaile handiak dituztelako eta, aldi berean, zentro teknologikoekin ere badaudelako lotuta.
“Etorkizunari begira, erronka handia dugu herrialde moduan. Talentuari eustea ez ezik, ekartzea eta inplikatzea ere bada helburua. Era berean, Europako erreferentea izateko erronkari ere aurre egin behar diogu. Ahalegin handia egin behar dugu, leku zehatzen batean sektorekako kontzentrazioa ezartzeko eta talentua erakartzen jarraitzeko. Azkenean, talentua bera da talentua erakartzen duena”, esan zuen amaitzeko Ivan Jimenezek.