Bizkaia Talentek Euskadiko erakunde batzuk elkartu ditu nazioarteko talentua erakartzeari eta bertakotzeari buruzko jardunaldi batean
- Ekitaldiak zerga-pizgarrien gaineko saio bat izan zuen, eta, ondoren, mahai-inguru bat antolatu zen
Joan den uztailaren 5ean, Bizkaia Talentek “Attraction and Integration of International Talent: Discovering the key elements” jardunaldia egin zuen. Ekitaldiaren xedea izan zen Euskadiko erakundeei Bizkaiko lurraldeak eskaintzen dituen tresnak erakustea, betiere, atzerrian bizi den goi-mailako prestakuntzadun talentua erakartzeko eta bertakotzeko erakunde horiek egiten duten lana oinarri.
Euskadiko erakundeen berrogeita hamar bat ordezkarik parte hartu zuten jardunaldian, zeintzuek ezagutu ahal izan zituzten Bizkaiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, dituen zerga-pizgarri berriak, Euskadiko lan-merkatura talentuaren erakarpena ahalbidetzeko.
Aipatu zerga-pizgarrien gaineko saioa bukatutakoan, mahai-inguru bat antolatu zen. Bertan, nazioarteko eskarmentudun talentua bertakotzeak sortzen dituen beharrei eta zalantzei buruz eztabaidatu zen. Halaber, Indiatik eta Ekuadorretik etorritako profesionalek, Japoniatik itzulitakoek eta Bizkaiko erakundeetako ordezkariek beren esperientziak partekatu zituzten.
Headhunting Support Centre tresnaren aurkezpena
Ekitaldian, era berean, Bizkaia Talenten zuzendari gerente Ivan Jimenezek Headhunting Support Centre tresna aurkeztu zuen, modu esklusiboan. Aipatu tresna Euskadiko erakundeei bideratuta dago, talentua erakar, manten eta gara dezaten. Eskaintzen dituen askotariko abantailaren artean, profil profesionalen bilatzaile handia nabarmendu beharra dago. Bilatzailea gai da milaka curriculum vitae milisegundotan aztertzeko, eta, matching-sistema baten bidez, lan-eskaintzak eta hautagairik egokienak parekatzen ditu, automatikoki. Horrez gain, Euskadiko lan-merkatuaren soldata gordinak eta garbiak beste hiri eta herrialde batzuetakoekin alderatzen ditu.