Bizkaia talentek Talentia eta Profesionaltasunerako Trebetasunen programetako parte-hartzaileei erakutsi die nolako abantailak eta aukerak dituen nazioarteko ezarpenak
2016/06/21
Iaz Talentia Programaren barruan egindako Nazioarteko Ezarpenerako Jardunaldiaren lehen edizioaren harrera oso ona izan zenez, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako bizkaia talent elkarteak berriro antolatu du ekimen hori, Talentia Programaren zazpigarren edizioko parte-hartzaileei prozesuak eskaintzen dituen aukerak zein diren erakusteko.
Hartara, maiatzaren 15eko goizean, asteazkena, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan Nazioarteko Ezarpenerako Tailerraren bigarren edizioa egin zen. Edizio honetako berritasun moduan, Talentia Programako parte-hartzaile guztiek ez ezik, aurton Bizkaian Profesionaltasunerako Trebetasunen Programan esku hartzen duten ikasle guztiek ere izan zuten bertara joateko aukera. Programa hori ere bizkaia talenteko Talentia Zerbitzuaren barruan dago.
Bizkaia talenteko zuzendari gerenteak, Ivan Jimenezek, jardunaldiaren hasieran azaldu zuenez, gaur egun etorkizuneko profesionalek, erakundeek eta enpresek globalizazioagatik eta, horren ondorioz, nazioarteko ezarpenagatik sortutako premiei erantzun behar diete. Hori dela eta, funtsezkoa izango da prozesu horretako faktore guztiak zein diren jakitea.
“Duela zenbait urtetatik eta, batez ere, azken urteotan, hainbat euskal enpresak eta erakundek nazioarteko ezarpena lehenetsi eta horretarako baliabideak erabili dituzte. Oso garrantzitsua da enpresetako ordezkaritzak sortzea eta, horrez gain, mundu zabalean estrategikotzat hartutako lekuetan sortzea”, erantsi zuen Jimenezek.
Aurtengo jardunaldian, mundu-mailan erreferenteak diren zenbait euskal enpresatako hainbat ordezkarik parte hartu dute; esate baterako, Xabier Manterola, Bilboko PA Consulingeko zuzendaria; José Luis Vilas, EHUko Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeko kidea; Joseba Mezo, Gestampeko Hautaketa Globaleko Saileko zuzendari korporatiboa; Óscar Malo, Idomeko Proiektuen Kudeaketako ingeniari industriala; Egoitz Etxeandia zein Fabiola Fares, Exe Programako arduradunak; Ainhoa Gamboa, Maier S.Coop enpresako Erakundearen eta Pertsonen Garapeneko kudeatzailea.
Guzti-guztiek parte-hartzaileei azaldu zieten zer profil profesional behar diren gaur egun, “erakundeak abian jarritako nazioarteko ezarpena arrakastatsua izan dadin”.
Gaur egungo testuinguru ekonomikoan, funtsezkoa da jakitea ikastetxeetan nola prestatzen dituzten ikasleak eskolaratzen direnetik, gizarteko aurreikuspenei erantzuteko gai izan daitezen eta enpresen gaur egungo eskakizunak bete ditzaten.