Leadership Programako parte-hartzaile amerikarrek “gogobetetasunez” eman diete amaiera Euskadiko erreferentziako zentro eta erakundeetara egin dituzten bisitaldiei
2016/10/25
Euskadi eta Amerika arteko Aliantzak Ezartzeko Lidergoaren 2016ko Programaren lehenengo edizioko bigarren modalitateko bi parte-hartzaile estatubatuarrek gogobetetasun eta onura handiz eman diete amaiera ospe handiko euskal erakunde eta entitateetara egin dituzten bisitaldiei. “Programa honek Bizkaia eta Amerikako Estatu Batuak/Kanada arteko errealitate enpresarial, zientifiko, teknologiko, instituzional eta kulturalari buruzko jakintzaren plataforma garatu nahi du”, bizkaia talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek baieztatu duenez.
Programa hau iaz Euskal Kulturarako Cenarrusa Fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker garatu ahal izan da. Hain zuzen ere, Estatu Batuetako Idaho inguruan egindako misioan sinatu zen, eta, bertan, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, eta bizkaia talenteko zuzendari gerenteak, Euskadi eta Amerika arteko Aliantzak Ezartzeko Lidergoaren Programa aurkeztu zuten.
Urriko lehenengo hamabostaldian, Vasco Bilbao, Zientzia Politikako lizentziaduna, eta Nagore Gaitiandia, Nazioarteko Harremanen Lizentziatuta, izan dira bi parte-hartzaile amerikarrak, eta zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan dituzte zenbait erakunde; esate baterako, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Merkataritza Ganbera, Europako Batzordea eta Espainiako Diputatuen Kongresua, besteak beste.
Horrez gain, urriaren 2an iritsi zirenetik, beste erakunde eta zentro batzuk ere ezagutu ahal izan dituzte; esate baterako, Azti, Kutxabank, euskal unibertsitateak, Basque Culinary Center, Guggenheim, eta Euskadiko sare industrial zein teknologikoko erreferentziako beste leku batzuk.
Euskadin egon diren bitartean, parte-hartzaileak honako hauexekin ere batzartu ahal izan dira: iritzi-liderrak, ordezkari politikoak eta erabakiak hartzeko orduan enpresen zein elkarteen munduan funtsezkoak diren pertsonak. Izan ere, programa honen helburua ere bada parte-hartzaileen erkidegoa sortzea, jakintza, ideiak zein jarduera egokiak trukatzeko eta bi lurraldeen arteko harreman ekonomiko, kultural, zientifiko eta instituzionalak ezartzeko.
“Laster, Leadership Programako lehenengo modalitatean parte hartzen duten lau euskal profesionalak Estatu Batuetara joango dira, eta zenbait leku eta zentro interesgarri bisitatuko dituzte banakako bileren eta agenden bitartez. Hartara, Euskadi eta Amerika arteko lankidetzarako hitzarmenak eta proiektuak garatu ahal izango dituzte bertan egongo diren 21 egunetan”, esan du Jimenezek.