Euskadi, talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko gaitasun handieneko bigarren erkidegoa Estatuan
2024/05/16
- Cotec Fundazioaren 2023ko Talentuaren Mapa azterlanak, Insead negozio-eskola prestigiotsuak herrialdeka egiten duen Global Talent Competitiveness Index (GTCI) osatzeko metodologia berean oinarrituta dagoenak, postu hori berretsi du.
Cotec Fundazioak Ikerketa Ekonomikoen Valentziako Institutuarekin (Ivie) batera egindako 2023ko Talentuaren Maparen arabera, Estatuan EAE da talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko gaitasunik handiena duen bigarren erkidegoa, Madrilgo Erkidegoaren atzetik.
Indizeak, erkidegoen gaitasuna alderatzeaz gain, erreferentzia gisa Alemaniak Espainiarekiko duen postua erakusten du. 55 adierazlez osatuta dago, sei ataletan banatuta (Erraztu, Erakarri, Hazi, Atxiki, Gaitasunak eta bokazio teknikoak, eta Ezagutza) eta GTCIren egitura berari eutsita.
Txostenak 66,4 puntu eman dizkio Euskadiri (Estatuko batezbestekoa 49,1 puntukoa da), soilik Madrilen atzetik (67,7); Alemaniak, esaterako, 67,3 puntu ditu. Era berean, EAE lehen hiru postuen artean kokatu du indizea osatzen duten sei ataletako lautan: Hazi, Erraztu, Ezagutza eta Erakarri.
Lehena da Hazi atalean, administrazioen hezkuntza-sustapena eta lortzen dituzten emaitzak aztertzen dituen horretan, non hezkuntzan egiten den gastua, PISA txostenaren emaitzak, unibertsitate-sistemen errendimendua, lan-bizitzan jasotzen den prestakuntza edo pobrezia-arriskuaren tasa hartzen diren kontuan.
Beste alor batzuetan ere nabarmentzen da Euskadi, Erraztu eta Ezagutza ataletan, hain zuzen ere, bigarren postuan egonik. Lehenengoak hala merkatuaren ingurunea nola negozioena eta lan-merkatua aztertzen ditu; bigarrenak, Ezagutzaren Ekonomian ekoizteko gai diren langileen presentzia. Azken horri dagokionez, Euskadi goi-mailako hezkuntza duen biztanleria aktiborik handieneko eskualdea delako nabarmentzen da, horren isla ikertzaile, profesional eta STEM gradudun gehiago dituela izanik. Erakarri atalean, merkatuaren irekieraren neurketari eskainian, hirugarren tokian dago.