Aldundiak eta munduko startup bizkorgailurik handienak Bostoneko ekosistema ekintzailearekin konektatuko dute Bizkaia
2015/10/02
Aldundiak eta MassChallengek, munduko enpresa bizkorgailurik handienak, hitzarmen bat sinatu dute, Bizkaiko ekintzaileak eta startup delakoak mundu mailako berrikuntza ekosistemaren parte diren merkatu, sare eta inbertitzaileekin konektatzea ahalbidetuko duena. Lankidetza-hitzarmen horren bitartez, Bizkaiko enpresa berritzaile berrien lehiakortasuna hobetu ahalko da eta Lurraldeko ekosistema ekintzailea indartuko da, euskal ekintzaileak zein nazioartekoak erakartzeko eta hemen atxikitzeko. Koordinazio taldearen barruan bizkaia:talent dago bere Zuzendari Gerentearen, Ivan Jimenezen, ordezkaritzarekin.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta MassChallengen (MC) artean sinatutako hitzarmenak barne hartzen du Bostoneko erakundeak aholkularitza eskaintzea, 2016tik aurrera Bizkaian startupen urteroko lehiaketa egiteko.
Parte hartuko duten enpresa guztien artetik hamar aukeratuko dituzte MassChallengeko epaileek, hazten eta prestatzen jarrai dezaten Bostoneko tailer intentsibo batean. Bertan aholkularitza pertsonalizatua, Estatu Batuetako merkatuan sartzeko coaching estrategikoa, lidergoari, finantzaketari, produktuen garapenari eta abarri buruzko saioak eta gehiago jasoko dute.
Gainera, sinatutako hitzarmenaren baitan, berrikuntza maila altua egiaztatzen duten startupak MassChallengen mundu mailako lehiaketaren finalerdira joan ahalko dira. Finalerdira heltzea lortzen duten enpresek bizkorgailuaren lan sarearen eta kontaktuen aholkularitza jasoko dute Bostonen eta final handira heltzeko lehian jarraitu ahalko dute. MassChallengen lankidetzari eta hautatutako startupei Bostonen emandako aholkularitzari esker, nazioarteko inbertitzaileen, babesleen eta beste ekintzaile batzuen sare baterako sarbidea izateko aukera emango die.
Horrela, Bizkaiak bere startupen bidez mundu mailako bikaintasun zentro batean egotea lortzeaz gain, egoitza hemen duten enpresa berriak hazi egingo dira, enplegua sortzen lagunduko dute eta berritasunerako gaitasun handiagoa sortuko dute Lurraldean.
Aldundiaren eta MassChallengen arteko hitzarmenak barne hartzen ditu Bizkaiko ekosistema ekintzailearen ebaluazioa eta diagnostikoa. Helburu horrekin, egunotan MCko 3 kide eta 2 aholkulari daude Bizkaian, startupekin, unibertsitateekin eta Aldundiarekin topaketetan.
MassChallengek Boston, Israel eta Erresuma Batuan eskaintzen ditu programak eta aholkularitza, bulegoentzako tokia, prestakuntza, sare izugarri baterako sarbidea eta beste hainbat baliabide eskaintzen dizkie ekintzaileei, bizkortzeak irauten dituen lau hilabeteetan. MassChallengek 2 milioi dolar estatubatuarretik gorako diru-laguntza ez-dilutiboa ematen die eragin eta potentzial handiena erakusten duten startupei. Irabaz asmorik gabeko elkartea da MassChallenge, eta korporazio eta fundazioetako kideek eta kide publikoek osatzen dute. Momentura arte, MassChallengek izandako 617 ikasleek 947 dolar estatubatuarretik gorako finantzaketa lortu dute, 485 dolar irabazi dituzte eta 5.105 lanpostutik gora sortu dituzte. Informazio gehiagorako, bisita ezazu www.masschallenge.org web orria.
Bizkaia-Boston
Boston hiri estatubatuarrean daude Harvard Unibertsitatea eta Massachussets-eko Teknologi Institutua (MIT). Ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alorretan eta biozientzien sektorean mundu mailako erreferentea da Boston.
Bizkaiaren eta Bostonen arteko harremana indartu egingo da hitzarmen honekin. Aldundiaren eta MITen arteko lankidetzaren harira sortua da, 2015eko urtarrilean “BILBAO BIZKAIA ENTREPRENEURSHIP MEETUP 2015″ ospatzeko. Euskalduna Jauregian 200 ekintzaile bildu zituen ekitaldi horrek. Jardunaldi hartan Lurraldeko ekintzaile gazteak mundu mailako 16 aditurekin bildu ziren, negozio berriak sortzeko.