Bizkaia Talentek Marie Curie Alumni Elkartearen biltzarrean parte hartu du, Kordoban
Magda Theodoridou
- Ikertzaileen mugaz gaindiko mugikortasunean ardaztutako saio batean parte hartu du.
Otsailaren 24an eta 25ean, hainbat nazionalitatetako 300 aditu inguru Marie Curie Alumni Elkartearen (MCAA) urteko biltzarrean bildu ziren, Kordobako Biltzar Jauregian, garapen iraunkorraren eta politika zientifikoaren inguruko erronka eta jomuga berriak aztertzeko.
MCAA komunitateak diziplina zientifiko guztietako profesionalak bildu zituen bai sareko lana bai lankidetza sustatzeko eta, horrela, MCAA ikertzaileen eta gizartearen arteko eztabaida-foro bihurtzeko. Bertan, ikerketa-kulturaren iraunkortasuna eta ikertzaileen lan-ibilbideak jorratu ziren, besteak beste.
Bizkaia Talentek Brain Drain or Gain: Inventory of Challenges and Solutions panelean hartu zuen parte, non ikertzaileen mugaz gaindiko mugikortasunaren erronkei eta esparru horretan sortzen diren oztopoei aurre egiteko balizko konponbideei buruz hitz egin zen.
Bizkaia Talenten Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren arduradun Carmen Méndez de Castrok azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela hainbat eragileren eta gizartearen artean nazio- edota eskualde-mailako estrategia bat zehaztea, bai eta pertsonei hala beren lan-ibilbidea garatzen nola gizarteratzen lagunduko dien bideratzaile bat izatea ere.
Ildo horretan, Méndez de Castrok Euraxess Sarea nabarmendu zuen, ikertzaileen komunitatearen mugikortasuna bultzatzen duena, eta Bizkaia Talentek lan-arrazoiengatik Bizkaira bizitzera etorritako ikertzaileei eta haien senideei aholku eta laguntza emateko (kontu administratiboak, ostatua, osasuna, zerga-arloa…) zerbitzuen bidez egiten duen lana balioetsi zuen.