MONDRAGON euskal korporazioa, munduko industria-kooperatiben buruan
- Bigarren postuan dagoen kooperatibak baino sei aldiz handiagoa du negozio-bolumena, eta hirugarrenak baino zortzi aldiz handiagoa.
Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak MONDRAGON Korporazioa izendatu du munduko industria-kooperatibarik handiena, bai haren barruko kooperatiben negozio-bolumen erantsiagatik bai per capita barne-produktu gordinari dagokionez bere fakturazio-ratioagatik.
World Cooperative Monitor 2020 txostenaren arabera, Korporazioak 14.430 milioi dolarreko negozio-bolumena lortu zuen 2018an; Basin Electric Power Cooperative estatubatuarrak, berriz, 2.440 milioikoa; eta SACMI italiarrak 1.700 milioikoa. Azterlanak mundu-mailako sailkapena ere badakar, non MONDRAGON 33. postuan dagoen 300en artean.
Txosteneko daturik esanguratsuenetako bat Korporazioko kooperatibaren batean lan egiten duten pertsonen kopurua da: 81.837; hala, enplegu gehien sortzen duten hamar kooperatiba-erakundeen artean dago.
Pandemiaren eta klima-aldaketaren kontra inplikaturik
Txosten honen bederatzigarren edizioak MONDRAGONek eginiko lana balioetsi du, zehazki mundu-mailako erronka biri, COVID-19ari eta klima-aldaketari, aurre egiteko ekimenengatik eta inplikazioagatik.
COVID-19ari aurre egiteko ekintzari dagokionez, “MONDRAGON Korporazioak, krisialdi bitartean, kooperatiben sarearen garrantzia azpimarratu zuen, parte-hartze bidez adosturiko irtenbide partekatuak garatzea ahalbidetu zuelako, osasun- eta segurtasun-protokoloak ugaritzea, kasurako”.
Klima-aldaketa dela eta, erakunde publikoekin akordioak egiteko duen gaitasuna nabarmendu du, bizi dugun larrialdiari aurre egiteko baterako irtenbideak topatzeko akordioak, hain zuzen: “Kooperatiben eta administrazio publikoen ekintzen artean sinergiak sortzen dira, lurralde osoek energia berrirantz egin dezaten”.
Kooperatibismoa
MONDRAGONen, protagonistak bazkide-langileak dira. Kooperatiba-eredu honen arabera, bazkide guztiak dira enpresaren jabe, nahiz eta kooperatiba bakoitzak bere antolaketa-egitura eta nortasun juridikoa izan. Kooperatiba bakoitzeko organ gorena Batzar Nagusia da, bazkide orok aditzera emandako borondatearen adierazpena. Hark hautatzen du Artezkaritza Kontseilua, kooperatibaren gobernu- eta ordezkaritza-organoa.
MONDRAGON Korporazioan gorpuztu zen 1956. urtean abiaturiko kooperatibismoa; orduan sortu zen, Arrasaten, lehenengo industria-kooperatiba. Korporazioaren enpresa-filosofiak bere balio korporatiboak ditu oinarri: lankidetza, parte-hartzea, gizarte-erantzukizuna eta berrikuntza.