Bizkaiko unibertsitate-ikasleek Klimaren Muralean parte hartu dute, klima-aldaketari buruz ikasteko eta ekintzarako jauzia egiteko
2021/12/22
- Talentia Skills programako 130 ikaslek adimen kolaboratiboko tailer honetan parte hartu dute.
Klima-aldaketak dakartzan erronkak ulertzeko eta bizimodua kontzienteki egokitzeko asmoz, hiru euskal unibertsitateetako (Deustuko Unibertsitatea, EHU eta Mondragon Unibertsitatea) ikasleek Klimaren Muralaren tailerrean parte hartu dute berriki. Jarduera Bizkaia Talentek profesionaltasunerako trebetasunak lantzeko abiatutako Talentia Skills programaren barruan urtero egiten duen gizarte-ekintzako jarduketen artean dago.
Ekimena, Adesiorekin elkarlanean antolatua, EHUko Leioako eta Sarrikoko fakultateetan eta Bilbao As Fabrik delakoan garatu da, bigarren eta hirugarren mailako 130 unibertsitate-ikasle baino gehiago bilduta. Tailer zientifiko, kolaboratibo eta sortzailea da, klima-aldaketaz modu ludikoan sentsibilizatzeko eta taldean ulertzeko sortua, baita elkarlanean nola aritu ikasteko ere, adimen kolektiboari berriro erreparatuz eta klimari dagokionez parte-hartzaileen kontzientzia aktibatuz.
Klimaren Murala
Klimaren Murala irabazi-asmorik gabeko erakunde frantziarra da, Cédric Ringenbachek 2018an sortua. Elkarlaneko joko serioa proposatzen du, 42 kartatan oinarritua, zeinetan parte-hartzaileek Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) lana laburbiltzeko murala marrazten duten, klima-aldaketa areagotzen duten arrazoiak eta ondorioak identifikatuta.