Nazioarteko hainbat profesionalek Txakolinaren Museoa bisitatu dute, Bizkaia Talenten eskutik
2022/10/13
- Hogei bat graduondodunek eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalek, beren familiekin batera, Euskadiko ardo bereizgarri honen ekoizpenean erreferentzia den herri bizkaitarrera egindako bisitaz gozatu zuten.
Joan den urriaren 8an, Bizkaia Talentek beste jarduera soziokultural bat antolatu zuen Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren erabiltzaileentzat eta Be Basque Ambassadors programako graduondodunentzat, haien arteko harreman pertsonal eta profesionalak sustatzeko eta gurean hobeto gizarteratzen laguntzeko.
Oraingoan, Bakion izan ziren, Bizkaiko txakolinaren sorlekuan, non Txakolingunea – Txakolinaren Museoa bisitatu zuten gure lurraldeko edaririk berezienetakoa nola landatzen eta egiten den bertatik bertara ezagutzeko.
Parte-hartzaileek txakolinaren sekretu guztiak ezagutu zituzten, ikus-entzunezkoen, baliabide interaktiboen eta gidariaren azalpenen bidez, baita txakolinaren historia eta azken boladan bai hura bai upeltegiak eraldatu dituen bilakaera ere. Halaber, txakolin ezagunena eta ekoitziena zuria bada ere, zenbait upategik beltza eta gorria ere egiten dituztela jakin zuten. Azalpenen ondoren, ardo-dastaketaz eta, herriko jatetxe batean, bazkariaz gozatu zuten.
Jardueran parte hartu zuten graduondodunak eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalak herrialde hauetakoak dira: Argentina, Brasil, Txile, Ekuador, India, Italia, Mexiko, Herbehereak, Peru, Errumania, Sudan eta Espainiako Estatua, eta beren ikasketak eta lan-jarduera erakunde hauetan garatzen dituzte: Arteche, AZTI, Tecnalia Fundazioa, BC3 Basque Centre For Climate Change – Klima Aldaketa Ikergai, BCAM – Basque Center for Applied Mathematics, EHU, Deustuko Unibertsitatea edo Basque Trade & Investment / Euskadiko Nazioartekotze Agentzia.