Nazioarteko profesionalak Argiñetako Nekropolian eta Elorrio Hiribilduan izan ziren
- Nazioarteko hogei profesional inguruk eta beren senideek txangoaz gozatu zuten Bizkaiko bihotzean
Joan den ekainaren 1ean, Bizkaia Talentek beste jarduera soziokultural bat antolatu zuen, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren baitan. Ekimenak aurrera jarraitzen du nazioarteko profesionalak hobeto jendartera daitezen haien arteko harremanak eta lan-arlokoak sustatzearen aldeko apustu irmoarekin.
Hala, goi-mailako prestakuntzadun hogei bat profesional Elorrion batu ziren Argiñetako Nekropolia ezagutzeko, Bizkaiko arkeologiaren panoraman lehen mailako ondarea, hain zuzen. Gidari baten laguntzaz, baseliza barruan eta kanpoan pilaturiko hilarri- eta hilobi-multzoa ezagutu zuten, guztiak K.o. VII. eta VIII. mendeetakoak.
Gero, Elorrio Hiribilduko txokoetan barrena, hango hainbat harribitxi miretsi zituzten: Sortzez Garbiaren eliza, non San Balentin Berriotxoaren gorpuzkiak dauden, eta herrigune historikoa zein bertako jauregi eta oinetxeak, XVII. eta XVIII. mendeetako harrizko eta harlanduzko lanak. Pasiera hezigarria egin ostean, etxeko janaria dastatu zuten inguruko jatetxe ezagun batean.
Ekintza soziokulturalean parte hartu zuten profesionalen jatorriak hainbat dira: Kolonbia, AEB, India, Italia, Japonia, Nikaragua eta Herbehereak, eta Kordoba, Albacete eta Madrileko hainbat lagun ere izan ziren. Denek garatzen dute beren lan-ibilbidea enpresa hauetakoren batean: Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutua, EHU, BC3, BCAM, BCMaterials, CIC bioGUNE, Ikerbasque, Tecnalia Teknologia Zentroa eta Deustuko Unibertsitatea.