Bizkaia Talent, prestatzaile aditua EURAXESS sareak antolaturiko Nordic Regional Training hitzaldian
2021/05/27
- Euskadiko elkarteak ikertzaileen lan-ibilbidearen eta lan-ibilbide dualaren garapenaren kudeaketan duen ezagutza partekatu du.
Joan den maiatzaren 26an eta 27an, Europako iparraldeko herrialdeetako EURAXESS sareko hainbat kidek (Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia eta Suedia) Nordic Regional Training hitzaldia antolatu zuten, ikertzaileen lan-ibilbidearen eta lan-ibilbide dualaren garapena hizpide, betiere bikoteen nazioarteko lan-mugikortasuna jomugan. Iparraldeko 40 unibertsitate eta ikerketa-zentrotako kideek tresna digital berrietan eta lan-ibilbidearen garapenaren orientabidean trebatzeko hartu zuten parte topaketan.
Bizkaia Talentek, EURAXESS TOP IV proiektu europarrean bermaturiko EURAXESS Book the Trainer programako kide aditua denak, “Euraxessen zerbitzuak ikertzaileen lan-ibilbidearen garapena ekosistema berritzaile batean bideratzeko” saioa bideratu zuen, Carmen Méndez de Castro Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren arduradun eta nazioarteko mugikortasunaren kudeaketan adituaren eskutik, zeinek benetako kasuen bitartez esperientziak partekatu eta ikertzaileen lan-ibilbidea akademia barruan nahiz kanpoan bideratzeko orduan inspiratzeko gomendioak eman zituen.
Méndez de Castrok nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela ibilbideak edo planak sortzea lan idealaren gaineko barne-hausnarketa egiteko, kontaktuak identifikatzeko eta trebetasun leunak lantzeko. Era berean, erakundeek jokatzen duten funtsezko papera azpimarratu zuen, ikertzailearen beharrei erantzuten zein barne- edo kanpo-eragilek lagun dezaketen antzemanez, edo sailarteko lan-mahaiak antolatuz, unibertsitatean plan egituratua egon dadin orientabide horri dagokionez.
Bukatzeko, Bizkaia Talentek ibilbide profesionalean aurrera egiten laguntzeko dituen tresnez mintzatu zen, Career Development Centre delakoaz, kasurako, bai eta lan-merkatuan txertatzen eta gizarteratzen laguntzeko eskaintzen dituen zerbitzuez ere.
EURAXESS: lan-ibilbidearen mugikortasuna eta garapena
EURAXESS sarea Europako Batzordearen ekimena da, eta lan-ibilbidearen mugikortasuna eta garapena sustatzen ditu ikertzaileen artean, bikaintasun zientifikoaren arloan Europa eremu liderra izan dadin. Bizkaia Talent sareko kide aktiboa da, eta tokiko puntua Bizkaian.