Euraxess Sareko norvegiako ordezkariak Bizkaia Talent bisitatu zuten bere jarduera ezagutzeko
Bizkaia Talentek bere nazioarteko ospea areagotzen jarraitzen du, Euskadin talentua erakartzeko, berton geratzeko eta inplikatzeko abian jarri eta nazioarteko beste leku batzuetan zabaltzen dituen politikei esker. Horren adierazgarri, irailaren 25ean, Euraxesseko kidea den Bizkaia Talentek sareko bereko ordezkari norvegiarrei ireki zizkien ateak, estudio-bisitaldi europarraren esparruan.
Bi egunetan, University of Oslo, University of Stavanger, Oslo and Akershus, University College of Applied Sciences, University of Agder, Norwegian University of Science and Technology (NTNU), University of Bergen eta Research Council of Norway erakundeetako akademiko ospetsuek zuzenean ezagutu ahal izan zuten jakintzan, berrikuntzan zein teknologian oinarritutako industriaren sustapenerako ekosistema. Bertan, hain zuzen ere, funtsezkoak dira Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako elkarteko programak eta zerbitzuak.
“Ordezkari norvegiarrek erakundeak berak garatu eta sustatutako ekimenak ezagutu ahal izan zituzten; esate baterako, Relocation Zerbitzua eta Be Basque Dual Career Centre, networkingeko nazioarteko ekitaldiak edo azken mailako unibertsitarioentzako Talentia Programa. Horrez gain, Bizkaia Talenteko zenbait bazkide eta lankidetza hori nolakoa den ere ezagutu ahal izan zuten”, adierazi du Bizkaia Talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek. Besteak beste, unibertsitateak, ikerkuntza eta teknologia zentroak eta start-ups bisitatzeko aukera izan dute.
“Talentuaren nazioarteko mugikortasuna sustatzeko eta kudeatzeko orduan Bizkaia Talent bera ekimen berrien sorrerarako eta diseinurako ahalegin handia egiten ari denez, nazioarteko aitorpen handiagoa lortzen ari gara, eta bisitaldi hau horren erakusgarri izan da berriro”, esan du amaitzeko Jimenezek.