Bizkaia Talent

Prentsa-aretoa

Digitalizazioaren alorrean, Euskadi Europako rankingeko 7. postuan dago

2021/04/28

  • Bertako konektagarritasunagatik (3.a) eta zerbitzu publiko digitalengatik (6.a) nabarmentzen da, Orkestraren Ekonomia eta Gizarte Digitalak DESI 2020 txostenaren arabera.

Ekonomia eta Gizarte Digitalak Euskadin (DESI 2020) txostenak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren bitartez Euskadi ere barne hartzeko egokituak, agerian utzi du Euskadiko digitalizazio sozial eta ekonomikoak aurrera egiten jarraitzen duela, hirugarren urtez jarraian: % 61,54ko balioa lortu du, EB-28ko batezbestekoaren (% 52,49) gainetik. Hala, autonomia-erkidegoa digitalizazioaren esparruan aurreratuta dauden herrialdeen taldean finkatu da, aurretik sei herrialde bakarrik dituela: Finlandia (% 72,31), Suedia (% 69,74), Danimarka (% 69,15), Holanda (% 67,69), Malta (% 62,70) eta Irlanda (% 61,79).

Azterketak Euskadiko digitalizazio-maila neurtu du, Europar Batasuneko Estatu kideekin alderatuta eta bost alderdi hauei erreparatuta: konektagarritasuna, giza kapitala, Interneteko zerbitzuen erabilera, teknologia digitalaren integrazioa eta zerbitzu publiko digitalak.

Konektagarritasuna
Euskadi buruen artean dago arlo honetan. Izan ere, banda zabal finkoaren ezarpen eta estalduran emaitza onak lortu ondoren, hirugarren postuan dago, Danimarkaren (% 65,82) eta Suediaren (% 64,37) atzetik.

Giza Kapitala
Esparru honetan, aurreko ekitaldian baino gehiago hazi da, eta zortzigarren postuan dago. Jokabide desberdina dago tresna digitalen erabilerari begirako trebetasunen eta IKTen eremuan prestakuntzarekin eta espezializazioarekin loturikoen artean: lehenengoetan, emaitza erdi-mailakoa da; bigarrenetan, aldiz, balioak Europako batezbestekoa baino nabarmen handiagoak dira. EAE EB-28ko batezbestekoaren (% 49,29) gainetik dago, Danimarkaren (% 61,28) atzetik, baina Luxenburgoren (% 58,22) aurretik.

Interneteko zerbitzuen erabilera
Esparru honetan bakarrik dago Euskadi Europako batezbestekoaren azpitik: % 49,06ko balioa du lehenak, eta % 58,08koa bigarrenak (gainerako alorretan, Euskadiko digitalizazio-mailak Erkidegoko batezbestekoa baino askoz handiagoak dira). Etxeetan, Interneteko zerbitzuen erabilera txikia da, batik bat zenbait jardueratan, erosketetan eta salmenta elektronikoetan, kasu.

Teknologia digitalaren integrazioa
Eremu honen barruan, negozioen digitalizazioa eta merkataritza elektronikoa daude. Aurrenekoan, enpresetan egiten den zenbait teknologiaren erabilera hartzen da kontuan; bigarrenak, berriz, ETE-en online salmentei erreparatzen die. % 56,33ko balioarekin, Euskadi zazpigarren postuan dago, Europako batezbestekoari (% 41,37) dagokionez abantaila handia izanik. Aipatu beharra dago “Enpresen digitalizazioa” azpialderdian bigarren postu bikainean dagoela, Finlandiaren atzetik.

Zerbitzu publiko digitalak
Zerbitzu publiko digitalen alorrean, EAE aurreko aldian baino gehiago hazi da, eta seigarren postua lortu du (% 82,32). Azterturiko zerbitzuen digitalizazio-maila Europar Batasuneko batezbestekoa ( % 72) baino handiagoa da, eta, gainera, datu irekiak nabarmen hobetu dira.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×