Euskadi zain duzu
Euskaldun batzuk historian zehar
Frantzisko Xabierkoa edo Francés de Jasso (Xabierko Gaztelua, Nafarroako Erresuma, 1506ko apirilaren 7a – Sanchon Uhartea, Txina, 1552ko abenduaren 3a) presbitero, elizgizon eta misiolari nafarra zen. Jesusen Konpainiako talde aitzindariko kidea eta bertako sortzailea izandako Inazio Loiolakoaren laguntzaile hurbila ere izan zen. Eliza katolikoak San Frantzisko Xabierkoa izenpean kanonizatu zuen. Bere misioak oso ezagunak izan ziren, eta Indian zein Asiako ekialdean garatu zituen. Indiako apostolua ere esaten zioten. Indian eta Moluketan ezarritako misioak berrantolatu eta ikuskatu ondoren, erabat etsita zegoen bertan gertatutako narriaduragatik, bere gutunetan adierazten duen bezala, eta Japoniara joatea erabaki zuen Cosme de Torres zein Juan Fernández kideekin eta Anjirō itzultzailearekin batera. 1549ko Erramu Igandean irten eta abuztuaren 15ean heldu ziren Japoniara.
Garai hartan Japoniako Hegoaldeko Erresumako hiriburua zen Kagoshiman lehorreratu zen. Urtebete eman zuen hiri horretan; eta bi urte eta hiru hilabete, Japonian zehar. Pablo Santa Fekoa kidearen laguntzaz, Japoniako lurretan zehar ebanjelizatu zuen, eta buruz ikasi ondoren txokoetan errezitatzen zuen Fedeko Artikuluen Adierazpena itzultzeko agindu zuen. Oinezkoek egiten zizkioten galderei erantzuteko interpretea zeukan. Misioak porrot egin zuenez, inguruko erregearekin batzartzea bururatu zitzaion hura katoliko egiten bazen herria bera ere katoliko egingo zelako itxaropenaz. 1550ean, asmo horrekin abiatu zen iparralderantz, eta talde kristau txikia sortu zuen Hiradon.
XVI. mendetik aurrera, lur paganoan misiolari moduan jarraitu beharreko eredu bihurtu zen Frantzisko Xabierkoa. Hori dela eta, berari buruzko lan ugari idatzi dituzte. Lan horiek era guztietakoak diren arren, gehienak epistolarrak dira, Jesusen Konpainiako kideek kontuan hartu beharreko adibidetzat jotzen dute-eta.