Euskadi zain duzu
Euskaldun batzuk historian zehar
Inazio Loiolakoa (Azpeitia, Euskadi, 1491 – Erroma, 1556ko uztailaren 31) euskal militar eta elizgizona zen, eta lider erlijioso bihurtu zen Kontrarreforman. Eliza katolikoarekiko debozio handia zeukan, eta erabateko obedientzia zor zion aita santuari. Jesusen Konpainia sortu zuen, eta bertako lehenengo jenerala izan zen. Konpainiak gora eta gora egin zuenez, mila inguru kide zituen bera hil zenean hamabi probintziatan sakabanatuta zeuden ehunetik gora etxetan -ikastetxeak eta prestakuntza-etxeak ziren gehienak-. Bere jardun izpiritualak 1548an argitaratu ziren, eta oso eragin handia izan zuten osteko izpiritualtasunean bereizkuntzarako tresna moduan. Eliza katolikoak 1622an kanonizatu zuen, eta Pio XI.ak jardun izpiritualetako patrono izendatu zuen 1922an. Jesusen Konpainiako (Societas Jesu, S. J.) kideei jesuitak esan ohi zaie, eta eliza katolikoko ordena erlijioso hori Inazio Loiolakoak sortu zuen 1534an Erromako hirian, honako hauexekin batera: Frantzisko Xabierkoa, Pedro Fabro, Diego Laínez, Alfonso Salmerón, Nicolás de Bobadilla, Simão Rodrigues, Juan Coduri, Pascasio Broët eta Claudio Jayo. Paulo III.a aita santuak 1540. urtean onartu zuen.
2012an 17.676 kide zituenez (apaizak, ikasleak eta anaiak), gizonen ordena erlijioso katoliko handiena da gaur egun. Honako arlo hauetan lan egiten du: hezkuntza, gizartea, adimena, misioak eta komunikabide katolikoak.
Hezkuntza elizako ebanjelizazio-misioan parte hartzeko modua da Jesusen Konpainiarentzat. Hori dela eta, bere irizpidearen arabera, bertako zentroek inspirazio kristau argia eta hezkuntza askatzaile bezain gizatiarrerako eredua eskaintzen dizkiote gizarteari. Jesuitek instituzioak dituzte hezkuntza-maila guztietan: unibertsitateak, ikastetxeak, lanbide-heziketako zentroak edo hezkuntza-sareak.
- 69 herrialdetan, konpainiak goi-mailako hezkuntzako 231 instituzio ditu (unibertsitateak), eta antzinakoena Euskadiko Bilboko Deustuko Unibertsitatea da. Horrez gain, Bigarren Hezkuntzako 462 ikastetxe, Lehen Hezkuntzako 187 ikastetxe eta lanbide edo teknika heziketako 70 zentro ere baditu.
- Bertan, 130.571 laikok eta 3.732 jesuitak hezitzaile edo administratzaile lan egiten dute.
- Bestetik, 2.947 zentro dituzten hezkuntza-sareak ere baditu (Amerika Latinoko Fe y Alegría, batez ere).
- Guztira, 3 milioi inguru ikasle ditu.
Jesuitek hezkuntza-zentroak sortu dituzte kontinente guztietan. 1640. urtean, goi-mailako hezkuntzako 500 zituzten Europan eta Amerikan sakabanatuta. Hurrengo mendean, kopuru hori apurka-apurka gehitu zenez, garaiko hezkuntza-sare handiena sortu zuten: 800etik gora ikastetxe eta unibertsitate zituzten desagertzeko orduan.
Hezkuntza-arloan zerabiltzaten metodoak oso ospetsuak ziren, eta, 1599. urteaz geroztik, Ratio Studiorumen eta Konpainiako Konstituzioetako IV. Zatian oinarritzen ziren funtsean. 1986. urtetik aurrera, hezkuntzako metodoak eta paradigmak eguneratu zituzten SJ Hezkuntzaren Ezaugarriak agiriaren bidez; eta, ostean, 1993an, Inazioren Pedagogia: Proposamen Praktikoa agiriaren bitartez.
Hona hemen jesuiten zentroetako zenbait ikasle ohi: Descartes, Voltaire, Cervantes, Quevedo, San Frantzisko Saleskoa, José Ortega y Gasset, Antoine de Saint-Exupéry, Charles de Gaulle, Vicente Huidobro, Alfred Hitchcock, Vicente Fox, Fidel Castro eta James Joyce.