Euskadi zain duzu
Etorkizuneko apustua
- Estatuan, EAE bakarrik dago Europako rankingaren zilarrezko kategorian, eta 13 postu aurreratu da aurreko azterketari (2017koa) dagokionez.
Tokian tokiko biztanleek hobeto balioetsiriko eskualde europarren artean, EAE dugu, bertako gobernuaren kalitateari dagokionez. Hala dio Göteborgeko Unibertsitateko (Suedia) Gobernu Kalitateko Institutu Nazionalak egindako azterlan batek. Bertan, Europar Batasuneko 27 Estatu kideetako 208 NUTS 1 eta NUTS 2 eskualdetan inkestari erantzun dioten 129.000 lagunen baino gehiagoren iritziak jaso dira.
Gobernu-kalitatea neurtzeko, hiru alderdi hauek hartu dira kontuan: inpartzialtasuna, gobernuak herritar guztiekiko tratu inpartziala defendatzea, haien ezaugarri edo harreman pertsonalak alde batera utzita; ustelkeria, kargu publikodunak bere onura pribatuaren mesedetan abusurik ez egitea; eta kalitatea, herritarren ustez zerbitzu publikoak kalitate handikoak izatea. Hona hemen zein postutan dagoen Euskadi aipatu alderdi bakoitzaren sailkapenean:
- Euskadi Espainiako Estatuan, 2021ean (1.a 17 eskualderen artean):
- Kalitatea: 2.a
- Inpartzialtasuna: 1.a
- Ustelkeria: 1.a
- Euskadi Europan, 2021ean (48.a 208 eskualderen artean):
- Kalitatea: 34.a
- Inpartzialtasuna: 31.a
- Ustelkeria: 74.a
Etengabeko hobekuntza
Azterketa hau laugarrena da (aurrekoak 2010ean, 2013an eta 2017an egin ziren), eta, besteak beste, urteek aurrera egin ahala Euskadi etengabe hobetu dela nabarmendu du. Horren erakusgarri, Gobernu Kalitatearen Indize Europarrean gora egin izana: azken lau urteotan, 0,748tik 0,969ra igaro da, eta, hala, Estatu-mailako taularen gorenean egoten jarraitzen du (1.a 2017an eta 1.a 2021ean), Europan 13 postu aurreratzeaz gain (61.a 2017an eta 48.a 2021ean).