Euskadi zain duzu
Etorkizuneko apustua
Euskadik, enpresen arteko lankidetzaren bitartez eta erakunde eta unibertsitateen babesarekin, haien lehiakortasuna areagotzera zuzendutako Kluster sare garrantzitsua dauka.
Euskadi aitzindaria da teknologia berritzaileetako ikerketa eta ekoizpen-sare propioaren egitura lotzera zuzendutako ekimenak abian jartzen, enpresen lehiakortasuna areagotzeko helburuarekin.Proiektu hauetako bat Klusterren eredua da, munduan erreferentzia gisa kokatu dena eta, lortutako emaitza onengatik, Harvard bezalako prestigiodun unibertsitateetan ikasten dena.
Klusterren sistema orain dela hogei urte baino gehiago abiarazi zen Euskadin eta sektore ekonomiko eta estrategiko zehatz batekiko interesa partekatzen duten enpresa txiki eta ertainen (pyme), erakundeen eta unibertsitateen kontzentrazioan oinarritzen da.Kluster ezberdinetan elkartutako bazkideek lankidetzan lan egiten dute, izan ere, bakarrik globalizazioari, berrikuntzari eta iraunkortasunari aurre egitea eta lehiatzea ezinezkoa dela ulertzen da Euskadin. Elkarte horien beste ezaugarri bat da gertutasun geografikoagatik ere eratzen direla.
Klusterrei laguntzeko, gainera, Behatoki Estrategiko Sektorialen sare bat dago, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ekimena; behatokiaren helburuak dira euskal enpresek dauzkaten jakintza beharrak identifikatzeko laguntza-sistema bat sortzea, informazio estrategikoa eskuratzeko erraztasunak ematea, zaintza eta prospektiba mekanismoak sektoreen esku jartzea eta, berrikuntza sistemaren elementu giltzarri gisa Kluster nagusien gaitasunak indartzea.
Gaur egun, euskal enpresak hogeita bost elkarte sektorial baino gehiagotan eta hamalau Klusterretan batzen dira. Azken hauek euskal kapital sozialaren eta, bereziki, Bizkaiko kapitalaren erreferenteak dira.
Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea (ACEDE)
Etxeko elektratresnen, osagaien eta atalen industriako sei enpresa lider biltzen ditu, sektorearen balio-katea era esanguratsuan betez.Klusterrak koordinaziorako elementu gisa, hausnarketa estrategikorako gune gisa jarduten du eta posizio garrantzitsua dauka gobernuko eta sustapen ekonomikorako erakundeekiko hartu-emanean.
Automozioko Osagaien Industrien Euskadiko Kluster Taldea (ACICAE)
Europan eratutako lehenengotako klustertzat jotzen da; 1993an sortu zen ACICAE, Euskadiko automozioaren sektorearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. 20 urteko ibilbide honetan, ehunetik gora enpresa bildu ditu eta azkeneko hamabost urteotan bere esparruko euskal industriaren fakturazioa laukoizten lagundu du.
Ingurumen Industrien Euskadiko Kluster Elkartea (ACLIMA)
1995. urtean eratu zen, bere produktu eta zerbitzuekin Euskadiko ingurumen-beharrei erantzuteko eta, aldi berean, nazioarteko merkatuetan erabateko lehiakortasunarekin lehiatzeko prestatzeko misioarekin. Gaur egun, 88 bazkide dauzka, 73 enpresa pribatu eta ohorezko 15 bazkide; ingurumenaren eskaintzaren esparru guztiak betetzen dituzte eta nabarmentzekoa da, gainera, balio erantsi handiko beste jarduera batzuei egiten dien ekarpena, I+G+b esaterako.
Advanced Manufacturing Technologies. Asociación Española de Fabricantes de Máquina Herramienta (AFM)
Sektoreko enpresei teknologia eta ekoizpenerako bitartekoak hornitzeko lanean dihardu 65 urteko bere historian eta horrek Europar Batasuneko laugarren ekoizle handienaren eta hirugarren esportatzaile nagusienaren lekuan kokatu du AFM. Makina-erremintaren sektoreko eta osagarri, osagai eta erreminten ekoizleak diren 138 enpresa ordezkatzen ditu. Besteak beste, fabrikaziorako aurreratutako teknologien sektoreko beharrizanei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen ditu, bereziki, nazioartekotzearen eta merkatu, teknologia, marketin eta pertsonen esparruetan.
Energiaren Kluster Taldea (ACE)
Euskadin presentzia duten energiaren sektoreko balio-kateko enpresa nagusiak, euskal eskaintza zientifiko-teknologikoko eragileak eta energiaren esparruan ardurak dituzten herri-administrazioko organismoak biltzen ditu. Elkarteak energia-konpainien lehiakortasuna hobetzea eta Euskadi energiaren alorrean Europa mailako lider bilakatzea bilatzen du.
Bazkide diren 20 konpainien artean, arlo ezberdinetan lankidetza sustatzen eta ezartzen du, haien artean dauden sinergiak aprobetxatzeko eta, era horretan, Euskadiko paperaren sektoreko balio-kateko enpresen lehiarako abantailak sortzeko helburuarekin.Besteak beste, energia, prestakuntza, kudeaketa, pertsonak, nazioartekotzea, ingurumena eta teknologiaren arloetan lan egiten dute.
Euskal Herriko Itsas Foroa (EHIF)
Eusko Jaurlaritzak kluster gisa onartu zuen 1999an; Euskadiko itsas sektoreko erreferente nagusi gisa finkatu da EHIF eta Espainiar Estatuko eta nazioarte mailako izen handiena duten elkarteetako bat bezala. Enpresa, elkarte eta erakundeek osatzen dute eta bere misioa da euskal itsas sektoreko konpainiak ordezkatzea, defendatzea, sendotzea, sustatzea eta haien lehiakortasuna hobetzea, bere ardatz estrategiko ezberdinetan eskaintzen dituen zerbitzuen bitartez (nazioartekotzea, teknologia, kudeaketaren bikaintasuna, finantza-zerga arloa, prestakuntza eta pertsonak, eta komunikazioa, informazioa eta ordezkaritza).
Telekomunikazioen Euskadiko Kluster Taldea (GAIA)
Izaera pribatu eta profesionaleko erakunde gisa eratu zen, 1983. urtean.Gaur egun, 260 enpresak osatzen dute; enpresa horiek sektore elektroniko-informatiko eta telekomunikazioetako sektorearen garapena eta hazkundea bultzatzea eta sektorearen teknologiak hartzea eta eraginkortasunez erabiltzea bilatzen dute, informazioaren eta jakintzaren gizartearen garapenean laguntzeko helburuarekin.
Aeronautikaren Euskadiko Kluster Taldea (HEGAN)
90eko hamarraldiaren hasieran sortu zen, euskal sektore aeronautikoa eta espaziala ordezkatzeko eta dinamizatzeko eta, epe labur, ertain eta luzera, haren lehiakortasunari laguntzeko, enpresen eta beste eragile batzuen arteko lankidetzaren eta berrikuntzaren bitartez, lankidetzan, sektorearen erronka estrategikoei erantzuna emanez. Gaur egun, izaera pribatuko 36 erakunde biltzen dira klusterrean.
Uniport Bilbao Portu-komunikatea
132 elkartekide dauzka, sektore publiko zein pribatukoak, eta Bilboko portuaren eta haren lurrarekiko loturaren garapen ekonomikoa eta plangintzan zuzenean edo zeharka esku hartzen duten organizazio guztiak foro berean biltzen ditu. Euskadiko moila nagusiak eskaintzen dituen zerbitzuen lehiakortasuna hobetzea bilatzen du, kalitatearen etengabeko hobekuntzaren, ditxoan zeharreko zirkulazioan esku hartzen duten eragile ezberdinen arteko koordinazioaren eta hobetzeko beharra duten partzelen hobekuntzarako ekintzen proposamenen bitartez.
Biozientzien eta osasunaren sektoreko Euskal Klusterra (Basque Health Cluster)
Izaera pribatu eta profesionaleko elkarte hau 2010. urtean eratu zen eta bioteknologiaren sektoreko hogeita hamar bat euskal enpresa biltzen ditu; enpreson helburua da elkartekideen interes komunak koordinatzea, ordezkatzea, kudeatzea, sustatzea eta defendatzea, herri-administrazioekin eta biozientzien arloko beste organizazio batzuekin elkarlanean. Bere elkartekideen eta Euskadiko biozientzien sektorearen garapen, hazkunde eta nazioartekotzeari laguntzea ere bilatzen du.
Ikus-entzunezkoen Euskadiko Klusterra (EIKEN)
Ikus-entzunezkoen sektorean oinarritutako edukiak, produktuak eta zerbitzuak sortzera eta zabaltzera bideratutako Euskadiko enpresa nagusiek osatzen dute. EIKEN-eko bazkideek ikus-entzunezkoen esparruko balio-kate osoa hartzen dute, edukien sorkuntzatik hasi eta horien banaketa eta emanaldira artekoa, ingurune tradizional eta digitaletan aplikatzeko teknologia berrien garapena eta erabilpena barne.
Mugikortasuna eta Logistikaren Klusterra (MLC ITS Euskadi)
Klusterreko bazkideek pertsonen eta hornikuntza-katearen mugikortasuna hobetu nahi dute, lankidetzaren eta berrikuntzaren bitartez, era horretan, lehiakortasunari lagunduz haien eragin-eremuan. Mugikortasun eta logistika integralaren esparruan eragile eta enpresa partaide guztien elkargune izatea ere nahi du, lehiakortasun eta jasangarritasun handiago bateranzko bidean, haien sinergiak eta berrikuntza indartzeko.