Euskadi zain duzu
Ezagut gaitzazu
- Lehenengoa da hiri nagusien sailkapenean, oinezkoentzako guneak areagotu izanari esker
Bilbotar gehienek joan-etorriak oinez ―bereziki― edo bizikletaz egiteko ohitura dute. Izan ere, hiriaren zati handi batek orografia laua izatea lagungarria omen da hiritar gehienek beren eguneroko eginbeharrak betetzeko hautu hori egin dezaten. Dena den, erabaki hori errazten duten arrazoi gehiago ere aipatu behar dira: espaloien zabalkuntza, bizikletetarako berariazko bidegorri- edo bide-sareak, arkitektura-oztopoen ezabapena, eta igogailuen eta eskailera mekanikoen ezarpena.
Greenpeacen 2019ko Espainiako hiri-mugikortasunaren sailkapenaren arabera, Espainiako estatuko hirien artean Bilbok du mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisorik handiena. Ikerketak aztergai izan du udal bakoitzak bere mugikortasun-planekiko duen konpromiso-maila. Horrez gain, beste zenbait faktore ere hartu du aintzat: oinezkoentzako guneak, garraio publikoaren eskaintza, taxiak, bizikleta-bideen sarea, oinezkoentzako kaleak, gardentasuna…
Bizkaiko hiriburua ondoen baloratutako hiria da. Hala, nabarmendu da, batetik, iraunkortasunaren aldeko apustuagatik (zenbait neurri garrantzitsuk ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea ahalbidetzen dute ―% 11, eta urtetik urtera murriztuz doa―), eta, bestetik, hiritarren bizi-kalitatea hobetzegatik.
Erakunde ekologistak aipatu du hirian egiten diren joan-etorrien % 64 oinez egiten direla, eta horrek erakusten du Bilbok oinezkoak jarri dituela hiri-bizitzaren erdigunean. Adierazpen horren esanahia agerikoaz harago doa; izan ere, berotegi-efektuko gas eta partikula kutsatzaile gutxiago isuri, eta zarata eta auto-ilara gutxiago sortzen dira.
Era berean, garraio publikoarekin lotutako askotariko eskaintza ere azpimarratu beharra dago, bai eta “30 Hiri” bihurtu izana ere, Bilbok kaleen % 87an murriztu baitu gehieneko abiadura.