Bizkaia Talent

Zergatik Euskadi

Euskadi zain duzu

Ezagut gaitzazu

Euskal kostaldea, surfaren Europako hiriburua

200 kilometrotik gorako kostalde paregabea edukitzeaz gain, surfaren potentzia garrantzitsuenetako bat dugu Euskal Herria, erreferentea Europan eta munduan. Gure olatuei zor diegu arrakasta hori eta, hein handi batean, Mundakako ezkerreko olatuari.

Eremu nahiko txikia izan arren, olatu eta baldintza ezberdinak ditu euskal lurraldeko eskualde eta hondartza bakoitzak eta kirol eder hau praktikatzeko hondartza ezin hobeak aurki ditzakegu Bizkaiko, Gipuzkoako zein Lapurdiko kostaldean.

Hala, urtean zehar, surf-zirkuitu nagusietako hainbat proba eta txapelketa antolatzen dira Euskal Herrian. Udan, gainera, munduko txoko guztietako surflariak hurbiltzen dira gure lurraldera, surf-ohola eskuan eta eguzkipean (edo batzuetan ere, ilargipean), surfaz gozatzera.

Euskal kostaldea helmuga bikaina da olatuak, kultura, natura eta gastronomia konbinatuko dituen surfeko bidaia bat egiteko.

Surfaren hastapenak Euskal Herrian
Surfeko bi ohol eta Hawaiiko argazkilari baten liburua eskuan, 1912an, bere jaioterrira itzuli zen Ignacio Arana gasteiztarra, Hawaiiko irletan hainbat urtez Espainiako kontsul gisa jardun eta gero. Zoritxarrez, Gerra Zibileko garaian hautsi ziren hark ekarritako surf-taulak, baina liburuak kalterik gabe biziraun zuen. Beraz, esan dezakegu surfaren eta Euskal Herriaren arteko harremanari hasiera eman zion argitalpena dela The Surfriders Of Hawaii liburu hura.
Beste iturri batzuen arabera, surfa XX. mendeko erdialdean heldu zen euskal kostaldera, Frantziako zenbait surflarik gure hondartzak esploratzen hasi eta gero. Herrialde horrekiko gertutasuna kontuan hartuta, frantziarrak izan ziren surf egiten eta horretarako material aproposa lortzen lehenak eta haien bitartez, Donostiako Zurriola bezalako hondartzetara iritsi zen kirol berri hori.

BIZKAIA
Mundaka (Bilbotik 37km-tara)
Europako harribitxia. Surfaren munduko ikono garrantzitsu bilakatu da Urdaibaiko biosfera naturalean kokatutako udalerri txiki hau. Horren errua Mundakako ezkerreko olatuak dauka, adituen arabera, Europako onena eta munduko hamar olatu garrantzitsuenetako bat denak. Esaten da hareazko barra trinko bati zor diola Mundakak bere olatu kuttunaren perfekzioa eta hondarpe horri esker eskaintzen dituela bost metroko garaierara irits daitezkeen olatu luze eta tubularrak. Olatu berezi horiek direla eta, Urdaibaiko udalerri txiki honetan egin da maila goreneko munduko surf-txapelketa hamarkada oso batean zehar.
Neguko hilabeteak dira Mundakan surfa egiteko egokienak, urtaro horretan % 50ean areagotu egiten baitira olatu onak aurkitzeko aukerak, eta, zehazki, urtarrila, surfa egiteko aproposak baitira hilabete horretako egunen % 62. Hainbat adituk dioenez, Mundakako ezkerreko olatua izaera mugatua edukitzeagatik da hain berezi eta apartekoa. Hala, itsasoaren, haizearen eta itsasaldien baldintza egokiak ematen direnean, hiru ordu eskas iraun arren, ikaragarria izaten da ikuskizuna.

Iturria: Flickr (Surfglassy)

Sopela (Bilbotik 17 km-tara)
Bilbotik gertu, Uribe Kostako eskualdean, surfa urte osoan zehar protagonista duen beste udalerri bat dugu: Sopela. Bertan, olatuen kirola praktikatzeko hondartza luze paregabeak aurkitzen dituzte surflariek, eta aldi berean, ikuskizunaz gozatzeko bista ederrak itsaslabarren muturretatik.
Herriko biztanleek diotenez, 1964. urtearen inguruan agertu zen lehenengo surflaria Bizkaiko udalerri honetan. Gaur egun, La Salvaje edo Barinatxe izenez ezagutzen den hondartza da olatuez gozatzeko arrakastatsuena, Getxo eta Sopelako udalerrien artean kokatzen dena.
752 metroko hondartza horren itsas-hondoa, oro har, hareazkoa da, baina eskuineko aldean gune harritsu bat dauka, “La Triangular” izenez ezaguna. Olatuei dagokienez, punta zorrotzekoak dira eta beraz, surfa egiten hasteko edo entrenatzeko leku aproposa da.

Barrika (Bilbotik 21 km-tara)
Sopelaren aldamenean, Barrikan, Meñakoz dago. 400 metro eskas izan arren, Euskal Herriko olaturik famatuenetako bat eskaintzen du hondartza horrek. Itsaslabarren aurreko itsas-hondo harritsuaren gainean lehertzen den eskuineko olatu luze bat, ondo trebatutako surflarientzat soilik aproposa.

Bakio (Bilbotik 28 km-tara)
Bakio izenez ezagutzen da izen bereko herrian kokatutako hondartza, euskal kostaldeko surf-hondartza fidagarrienetako bat. Kalitate oneko olatuak ditu, baina, hareazko hondartza guztietan bezala, itsas-hondoen egoeren menpe daudenak. Hondartzaren bukaeran lehertzen diren ezkerreko olatu ederrak edo tutu onak dituzten eskuineko olatu azkarrak aurki ditzakegu Bakion. Udan zehar surfa egiteko lekurik onenetako bat da.

GIPUZKOA
Donostia (Bilbotik 98 km-tara)
Gipuzkoako hiriburuari dagokionez, Zurriolako hondartza dugu surferako ezagunena, urte osoan zehar olatu biziak izateagatik nabarmentzen dena. Eskuinerantz zein ezkerrerantz lehertzen diren olatuekin, Euskal Herri osoko hondartza onenetako bat da surfean aritzeko. Gainera, hirigunean kokatuta dagoenez, hondartza oso preziatua da bainulari eta surflarien artean.

Zarautz (Bilbotik 85 km-tara)
Surfari lotutako Gipuzkoako herririk garrantzitsuena dugu Zarautz, Aritz Aranbururen mailako surflari ospetsuen sorleku. Bertan, Euskal Herriko hondartzarik handienetako bat dago, kosta-lerroarekiko ibilbide perpendikularra egiten duten olatuekin. Baldintza atmosferikoek eragin kaltegarria izan badezakete ere, normalean, serie erregularreko eskuineko olatuak eskaintzen ditu hondartza honek.

Iturria: Flickr (Javier Lastras)

Zumaia (Bilbotik 77 km-tara)
Zarauztik oso hurbil, Zumaian, Itzurun hondartza dago, itsaslabarrez inguratutako 270 metroko hareatza. Bertan, sekzio hutsak dituzten olatu trinkoak sortzen dira, inguruneko hareazko formazio eta harri-egitura bereziei esker.

LAPURDI
Biarritz (Bilbotik 148 km-tara)
Esaten dute Biarritzeko hondartzatik sartu zela surfa Europan, 50ko hamarkadan. Hain zuzen, Peter Viertel estatubatuarra izan zen, 1957an, bere simetria eta perfekzioagatik “Les Rouleaux” bezala definitu dituzten olatuen gainean ibili zen lehena.

Iturria: Flickr (Pierre (Rennes))

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×