Euskadi zain duzu
Ezagut gaitzazu
Bizkaian aire zabaleko aisiarako eremuen sare osatua eta zabala dago, inguruneaz eta naturaz gozatzeko aukera ematen duten ekipamendu desberdinez hornitua, esate baterako: parkeak, oinezkoentzako pasealekuak, haurren jolastokiak, askaldegiak, parrillak eta abar. Bisitarien atsedenerako eta aisialdirako bereziki egokitutako guneen multzo zabala.
Administrazio desberdinek lurralde osoan zehar azpiegiturak orekatuko lituzkeen sistema sortu nahi zuten kalitatezko ingurumen-zerbitzuekin bizilagunen eta bisitarien ongizate-maila eta bizi-kalitatea handitzeko. Emaitza aisialdirako 300 gune baino gehiago daudela da, udalek, udalaz gaindiko erakundeek eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatuak. Guztira, 600 hektareako azalera, 600 bat futbol-zelairen pareko espazioa.
Jolaserako eremuak Kostaldeko Jolaserako Eremu, Mendiko, Landa-eremuetako eta Hiritarretan sailkatzen dira, kokaturik dauden udalerriaren izaeraren arabera. Interesatuek esteka honetan eremu horietako bakoitzari buruzko informazio xehatua aurki dezake, hots, kokapena, inguru horren mapa, kokapen zehatza, zer-nolako ekipamenduz horniturik dauden eta, baita, inguruak eta interesatzen zaizkizun hurbileneko lekuak aurkitzeko pasealekuak eta ibilbideak ere.
Testu honetan aisialdirako gune guztiak aipatzea ezinezkoa litzateke, ugari-ugariak baitira. Alabaina, nabarmenenetariko batzuk aipatuko ditugu.
HIRIKO JOLASERAKO EREMUAK
Arkalandako Metropoli-Parkea. Erandioko udalerrian dagoen jolaserako eremu hiritarra, bisita gehien jasotzen duena. Mimosaz inguratutako eguzkitako zona bat du, hondartzara joan beharrik gabe beltzaran jartzeko aukera bikaina, eta itzaleko beste zona bat ere badu, parke osoan zehar banatuta zuhaizti ugari baitago. Komun publikoak, taberna, aparkalekua, haurrentzako jolas-parkea, iturria, 85 mahai eta 52 erretoki ere baditu.
Beste eremu zabalago batzuk eta Bilbotik hurbil daudelako jendearen aldetik onarpen handikoak direnak Enekuri-Artxanda eta Elorritxueta-El Viveroko jolaserako eremuak edo Kobeta Mendiko Parkea dira.
Artxanda Bilboko birika berdea da. Bertan dauden polikiroldegiak, jatetxeek, behatokiek, zabuek, zelaiek eta askaldegiek primerako jomuga bilakatzen dute aisia-une bat dutenean bertara hurbiltzen duen milaka bizkaitarrentzako. Ekialderantz, Avril eta Ganguren mendietan zehar, El Vivero-ra iristen zara, Lezama eta Galdakao udalerrien artean kokatua; bertan, zelai eguzkitsuak zuhaiztiekin (Ameriketako haritzak, pinudiak edo nekostak) txandakatzen dira eta batzuetan zein besteetan mahaiak eta parrillak daude. Jolaserako instalazioek, bolatokia, patinajeko pista, frontoiak, fulbitoko zelaiak eta saski baloiko kantxa, gainerako ekipamenduarekin batera, horien artean, komunak, dutxak eta tabernak, osatzen dute naturan egun atsegin batez gozatzea ahalbidetuko duen aisialdirako eskaintza.
Barakaldoko udalerrian Argalario eta Tellaetxeko jolaserako eremuak daude; biak ere, mahai, parrilla eta iturriz hornituak. Argalariok, gainera, ibaiaren bi aldeen gainean kokaturik dagoen begiratoki paregabea eskaintzen du; bestalde, Tellaetxek joko biosasungarrietarako eremua du eta Gorostizako polikiroldegitik, Barakaldoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentrotik eta beste hainbat taberna eta jatetxetik oso gertu dago.
KOSTALDEKO JOLASERAKO EREMUAK
Gorlizen, hondartzatik hurbil, Gorlizko pinudia dago, Urezarantzatik hurbil, landa-eremuaren onena itsas brisarekin bateratzen duena.
Gaztelugatxeko San Joan Biotopoko jolaserako eremuak, Bermeoko udalerrian, Gaztelugatxeko San Joan irlaren eta Akatx uhartetxoaren bista ikusgarriak eskaintzen ditu.
Bakion, hiru eremu ikusgarri daude, Larrondokoa, Goitisoloaldekoa eta Jatamendikoa, eguzkiak blaitutako muino zabal batean kokatuta; bertatik itsasertzaren bista ikusgarriez goza daiteke.
Santurtzik ere badu kostaldeko jolaserako eremu txiki bat, Serantes mendiaren gailurrean kokatua, gotorleku zaharraren aurrien ondoan. Hortik ere, portuko, Abraren bokalearen eta Bizkaiko Golkoko kostaldearen bista ikusgarriez goza daiteke.
LANDA-EREMUETAKO JOLASERAKO EREMUAK
Maila honetako jolaserako eremu nagusienetako bat Meaztegi Berdea – La Arboleda Metropoli-Parkea da, Trapagarango udalerrian, Zuloko erroitzean, Pozo Las Cármenes meategi zaharra urak hartzean sorturiko baltsen ondoan, garai bateko meatzaritza-jardueraren ondorioz goitik behera aldatutako lursailetan. Inguruabar horren ondorioz ezaugarritsuak eta bereziak diren itxura eta erliebeak ditu.
Meatze-gunearekin jarraituz, Sopuertan beste jolaserako eremu zabal bat dugu, garai batean meatzaritza-jarduera gauzatzen zen lursailetan finkatua: Balugako Baltsen Parkea; benetan ekipamendu osatua du, haurrentzako jolastokiarekin, komunak dauden eraikin txikiarekin eta tabernarekin.
Karrantzan, El Suceso jolaserako eremua dugu; azalera handiko eremua da, zezen-plazaren eta Buen Suceso-ko Andra Mariren monumentuaren artean dagoen mendi-mazela leunean kokatua.
Alonsotegin, Pagasarriko aterpetxetik hurbil, Pagasarriko Elurtegiak eta Tarin Iturria eremua dago; bista panoramiko ikusgarriak ditu eta horietatik ibilbide desberdinak egin daitezke, besteak beste, Pagasarri, Ganekogorta edo Ganeta mendietara igoerak.
Bizkaiko ekialdean, Durangoko udalerrian, Landaederra eta Neberondo daude; bigarren hori Urkiolako Parke Naturalaren mugen barnean legoke, La Nevera-tik oso hurbil, kupula itxurako eraikuntza bitxia. Bertan, duela urte batzuk neguan egiten zuen elurra gordetzen zen eta, ondoren, inguruetako herriak izotzez hornitzeko erabiltzen zen.
MENDIKO JOLASERAKO EREMUAK
Handik hurbil, Abadiñoko udalerrian, Aldazitalaz eta Urkiolako Santutegiaz goza daiteke. Aldazitalako eremua azalera handikoa da eta bere lursailak Urkiolako Parke Naturalarekin muga egiten dute. Azpiegitura garrantzitsua eta mota askotako zuhaiztiak ditu eta horien gerizpean mahaiak eta parrillak banatzen dira. Inguruetan, Toki Alai dago, Urkiolako Parke Naturaleko Harrera-, Informazio- eta Interpretazio-Zentroa; bertan, oinez zirkuitu interesgarria egiteko prospektuak eskura daitezke.
Urkiolaren ekialdeko mugan, Udalatx kareharrizko harkaitzaren oinetan, Elorrioko udalerrian, Kanpazarko jolaserako eremua dago, askoz ere txikiagoa izan arren, beste bezain xarmagarria dena.
Orozkon, Galiturrita eta Ursaltu erreken artean, Altzasortako eremua dago, Gorbeiako Parke Naturalaren mugen barnean kokaturiko eremu gutxietako bat. Horrek Untzuetatik Garaigortarako gailur-lerroaren panoramika ederra eskaintzen du.
Bukatzeko, barnealderago, Urduñako udalerrian, jolaserako hiru eremu bikain daude: La Teta iturburua, La Choza iturburua La Muera. Teta iturburua Solaiera mendiaren oinetan dago, eremuari izena ematen dion iturburuan jaiotzen den erreka txikiak banatutako zelaian. La Choza iturburua askoz ere eremu handiagoa da, Garobel mendizerraren oinetan dagoena. La Muera eremuak mahai eta erretoki gutxiago eduki arren, instalazio gehiago ditu. Arrastaria haranaren bokalean dago, landazabal eguzkitsu batean, udal-igerilekuen ondoan.