Euskadi zain duzu
Nortasuna
Beste eskualde batzuetan ez bezala, Euskadin ez dago euskal jantzi tradizional bakarra, asko baizik. Ez dago Lurralde Historiko bakoitzeko (Bizkaia, Gipuzkoa edo Araba, adibidez) jantzi bat, sexuaren, adinaren eta zonaren arabera aldatzen diren jantzi ugari baizik, baita Lurralde Historiko bakoitzaren barruan ere. Beraz, ez da egokia bertako jantzi batez hitz egitea, egokiagoa izango da era tradizionalean janzteko moduaz hitz egitea.
Tradizioaren jatorria
Orain dela ehun urte, nekazari, arrantzale eta langileek, ia aldaketarik gabe, urteetan zehar erabili zituzten janzkerak desagertzen hasi ziren.Industrializazioaren etorrerarekin, janzkiak lantegietan ekoizten hasi ziren eta ordura arte gutxi batzuen esku zeuden jantziak laster erosi ahal izango zituen jende guztiak.
Gazteak baserrietatik irten ziren lantegietan lan egiteko eta kaleko janzkera bereganatu zuten, hiriko modak sustatuta. Tradizioekiko aldentze handia gertatu zen, eta nagusiek antzina bezala janzten jarraitzen zuten arren, gazteek ohitura berriak bereganatu zituzten, janzteari zegokionez. Horrela, landa-ingurunea eta baserritarrak euskal ondare kultural eta tradizionalaren zaindari bilakatu ziren.Haien jantziek galtzear zeuden balore batzuk sinbolizatzera pasatu ziren eta haien janzkera, gaur egun euskal jantzi tradizionala denaren eredu bihurtu zen.
Gazteek, jaietan edo egun berezietan benetako baserritarren itxura hartzen hasi ziren; horretarako, jantzi klasikoak lortzen zituzten edo jantzi horien kopiak egiten zituzten, antzinako moduan janzteko. Ez zuten mozorrotzeko egiten, oroitzapenezko egintza gisa baizik. Urteekin, ohitura hori hedatuz joan zen eta errepikatzearen poderioz, tradizio bihurtu zen; eta horrela, gaur egun, urtean zehar Euskadiko herri ezberdinetan ospatzen diren jaietan, jendeak garai hartako janzki tipikoak janzten ditu.
Euskal jantzien ezaugarriak
Gaur egunera arte iritsi zaigun euskal janzkera tradizionala, estiloari dagokionez haien artean antzekotasunak eta elementu komunakdituzten arropa ugarik osatzen dute. Partekatzen dituzten funtsezko ezaugarrien artean, aipatzeko da, emakumeen kasuan, gonen luzera eta buruan zapia erabiltzea; eta gizonen artean, praka luzeak, brusa edo alkandora eta txapela. Kasu bietan erabiltzen dituzte abarkak edo abarketak edo espartinak.