Bizkaia Talent

Albisteak

Euskadi eta Bavaria industria arloan lankidetzan hasi dira gaur Munichen

Bi gobernuek enpresagintzaren eta teknologiaren esparruko eragile pribatuak engaiatu dituzte gaur Munichen egin duten Mahai tekniko-instituzionalean. Digitalizazioa Euskadirako eta klusterren politika Bavariarako: horra hor zertan hobetzeko eskaini dioten elkarri laguntza. 2016 urtean, bi ekitaldi egingo dituzte, Bavarian bata, Euskadin bestea, bi lurraldeotara inbertsioak erakartzeko xedez.

Euskadiko ordezkaritza bat Munichera bidaiatu da, Arantxa Tapia sailburua buruan, industriaren eta teknologiaren alorretan bi lurraldeotako erakunde eta eragile ekonomikoen arteko lankidetza-estrategia bat abiarazteko.

Gaurko jardunaldian finkatutako lankidetza-oinarriak iragan 2014ko uztailean Eusko Jaurlaritzaren eta Bavariako Gobernuaren artean sinatutako elkar ulertzeko memorandumaren baitan kokatzekoak dira. Akordio horretan lankidetzarako hainbat esparru aurreikusten ziren eta bi gobernuok esparru horietan eskudundutako sailen buruek –alegia, Arantxa Tapia sailburuak eta Bavariako estatu federatuaren Ekonomia eta Hedabideetako, Energiako eta Teknologiako ministroak, Ilse Aignerrek– horiek kontrastatu eta berretsi dituzte.

Europan, erregioen arteko lankidetza izatea industriaren lehiakortasunetik tira egiten duena, gauza handia dela azpimarratu du Tapiak.

Bi mandatariak izan dira Mahai Tekniko-Instituzionalaren osaeraren buru, eta ekonomiaren, industriaren eta teknologiaren esparruko hainbat eragile bildu dituzte bertara, hala Euskadikoak nola Bavariakoak. Hain zuzen, Euskadiko Ganberen, Confebasken, Tecnalia eta IK4 aliantza teknologikoen eta ACICAE, GAIA, AFM eta HEGAN klusterren ordezkariak izan dira mahaikide. Bavariaren aldetik, euskal aldean aipatutako eragile taldearen homologo batzuek hartu dute parte.

Eratutako mahaian, bai eta eragileen arteko aldebiko bileretan, kontu hauek jorratu eta kontrastatu dituzte: bi eskualdeetako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistemak; klusterren politika; 4.0 Industria, eta bi lurraldeetan dauden inbertsio-aukerak.

Hobetu beharreko puntuak: digitalizazioa Euskadin, klusterrak Bavarian

Arantxa Tapia sailburuak Euskadiko lehiakortasun-sistema aurkeztu du, zer alor hobetu behar diren aitorturik:IKTak, Fabrikazioko eta Modelizazioko Estrategia, simulazioko eta iragarpeneko tresnen metodoak.

«Hobetu beharreko puntuak hautemanda, ohartu gara Bayern Digital ekimena interesgarria gerta daitekeela, eta badugula hortik zer ikasi, bai eta Bavarian, fabrikazioa balio erantsi gisa errazteko, IKTekin loturan zehaztutako beste zenbait estrategiatatik ere».

Bi eskualdeak bat etorri dira kluster politikak lankidetzaren giltzarri direla adieraztean. Euskadin, Bavarian baino ibilbide luzeagoa dute halakoek. Bi lurraldeetako klusterrek berrikuntza eskuratzeko eta 4.0 Industria garatzeko tresna gisa definitu dute beren burua.

horregatik, Arantxa Tapia sailburuak argi utzi du bi lurraldeek dutela zer ikasi eta zer erakutsi.

ZTBESaren eta Bavariako Fraunhoferren arteko lerro irekiak

Aigner ministroak azaldu duenez, Bavarian ere ari dira ikerkuntzaren eta industriako ezarpenaren arteko aldea txikitzeko lanean; hala, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eta Bavariako Fraunhofer eta fortiss institutuen, Municheko Unibertsitate Teknikoaren, Max Planck Institutuen eta Helmholtz Zentroen artean harremanetarako kanal arinak ezartzea adostu dute, bi eskualdeetan berrikuntza sustatzeko.

Tapiak Fabrikazio Aurreratuko Zentroen euskal eredua azaltzeko ere baliatu nahi izan du aukera. Azaldu duenez, lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da: Eusko Jaurlaritzak hasierako inbertsioan laguntzen du, eta ikerketa-zentroek instalazioetan jarduten dute. Eredu horrek fabrikazio aurreratuko bi zentro eman ditu: sektore eolikoaren alorrekoa lehena, aeronautikakoa bigarrena.

Era berean, Basque Industry 4.0ari buruzko show-roomen eta ekoizpen pilotuko instalazioen sare bat sortuko dela ere iragarri du.

Ildo horretan, Bavarian identifikatu diren eremuak –energia, automobilgintza eta robotika Munichen, eta Siemens elektronikarako, Ambergen– etorkizuneko elkarlanerako aukera bereziki interesgarria eman lezakete.

Urtean bi ekitaldi, bi herrialdeetan inbertsioak sustatzeko

Euskadi eta Bavariak, beste jarduera batzuen artean, atzerriko inbertsioen bilaketan bildu dute arreta; aldi berean, merkataritza-fluxu garrantzitsua dago bi herrialdeon artean, hala inportazio/esportazio zifrei nola ekoizpeneko instalazioen kokaguneari dagokienez.

«Alemania herrialde estrategikoa da euskal industriarentzat, gure Nazioartekotze Planean jada zehaztu gisa –adierazi du Tapiak–. Euskal industriaren atzerriko inbertsio-ahaleginak Bavaria helmugan ardazteko, 2016 urtean bi ekitaldi egitea adostu dugu: Euskadin bata, Bavariak bere erakargarriak erakusteko; Bavarian bestea, Eusko Jaurlaritzak aukera izan dezan Bavariako enpresei «BIGlittle» proiektua erakusteko, hau da, atzerriko inbertsioak erakartzeko bere proiektua.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×