Euskadi berrikuntza-poloa da Europako Batzordearen esanetan
2016/10/18
Euskadi nazioarteko berrikuntza-poloa da, eta, aldi berean, Estatu espainol osoko erabateko liderra ere bada bere kategorian, Europako berrikuntza handiko nazio moduan (strong innovator). Halaxe aitortu du Europako Batzordeak Eskualdeko Berrikuntza Taula argitaratu berrian (RIS, ingeleseko sigletan). Bertan, hain zuzen ere, berrikuntzaren errendimendua neurtzen da 22 estatu kidetako 214 eskualdetan eta Norvegian. Estonia, Zipre, Letonia, Lituania, Luxenburgo eta Malta, ordea, maila nazionalean agertzen dira.
Nahiz eta Europako eskualde berritzaileenak herrialde berritzaileenetan, talde liderreko herrialdeetan dauden, moderatuen taldeko estatuetan eskualdeko 4 berrikuntza-polo nabari daude besteen aldean (regional innovation hubs). Talde horretan, Euskadi, Italiako Piamonte zein Friuli-Venezia Giulia edo Eslovakiako Brastislava daude.
Europako taulan, eskualdeak lau kategoriatan daude sailkatuta, berrikuntzaren arloko errendimenduen arabera: berrikuntzako liderrak (36 eskualde), berritzaile handiak edo berrikuntza handikoak (65 eskualde; eta, haien artean, Euskadi), berritzaile moderatuak edo berrikuntza txikikoak (83 eskualde) eta berritzaile xumeak (30 eskualde).
REGIONAL INNOVATION SCOREBOARD
Eskualdeko Berrikuntza Taulan nabarmentzen denez, eskualde berritzaileenak herrialde berritzaileenetan daude oro har. Neurri handi batean, eskualdeko errendimendu-taldeak bat datoz 2016ko Europako Berrikuntzako Adierazleen Taulako herrialdeetako kasuan kasuko errendimendu-taldeekin.
Berrikuntzako bikaintasuna Europako eskualde gutxitan dago kokatuta. EBn berrikuntzako liderrak diren 36 eskualdeak EBko zazpi estatu kidetan baino ez daude lekuratuta: Danimarka, Alemania, Frantzia, Herbehereak, Finlandia, Suedia eta Erresuma Batua.
Eskualde gehienentzat, berrikuntzak hobera egin du urteen joan-etorrian. Nolanahi ere, bederatzi urteko epealdian (2016ra arte) egindako azterketan azaltzen denez, errendimendu-taldeko kidetza egonkorra izan da eskualde gehienetan (%70). Beste eskualde batzuetan, ordea, aldaketak egon dira errendimendu txikiago edo handiagoko taldeetan.
Funtsezko teknologia erraztaileetako espezializazioak lotura positiboa dauka eskualdeko berrikuntzaren errendimenduarekin. Funtsezko teknologia erraztaileak (TFE) sei teknologiako taldea dira, eta berrikuntzarako oinarria eskaintzen dute sektore industrial guztietako produktuen aukeran. TFEko espezializazioak lotune positiboa du berrikuntzaren errendimenduarekin, baina, batez ere, honako arlo hauetan: material aurreratuak, bioteknologia industriala, fotonika eta ekoizpenerako teknologia aurreratuak.