Euskadik estatu espainoleko osasun-zerbitzu onenak ditu
2015/09/17
Euskadiko Autonomia Erkidegoak osasun-zerbitzu onenak ditu posizio horretan zegoen Nafarroaren aurretik jarri ondoren. Gainera, herrialdeko per capita aurrekontu handiena ere badu: 1.548 euro, 2014an.
Datu horiek Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioak Autonomia Erkidegoetako osasun Zerbitzuei buruz egin duen Txostenean azaltzen dira. Bertan adierazitakoaren arabera, Nafarroa eta Aragoi Euskadiren atzetik daude, nahiz eta azken urtean berriro ere zerbitzuek “oro har txarrera egin duten” osasun publikoko murrizketengatik.
Txostenean esandakoaren arabera, Euskadik zerbitzu onenak eskaintzen ditu Nafarroaren aurretik, eta Aragoi zein Asturias daude ondoren.
Osasun-zerbitzuak hala-holakoak dira Gaztela eta Leonen, Kantabrian, Galizian, Errioxan eta Andaluzian; eta oso txarrak, Madrilen, Murtzian, Balearretan, Gaztela-Mantxan nahiz Extremaduran.
Txarrenak, ordea, Kanarietan eta Valentzian daude, eta, azken sei urteotan, Katalunian bertan ere bai. Azken erkidego horrek lau postu egin ditu atzera, eta hamabosgarren postuan dago, 2009an bosgarren zegoen arren.
Era berean, osasun pribatuak zeresan handiagoa dauka eskualde batzuetan beste batzuetan baino, eta, arlo horretan, honako hauexek dira nagusi: Madril, Katalunia, Valentziako Erkidegoa eta Balearrak.
Txosten horretan, honako parametro hauek hartu dira kontuan erkidegoka: itxaron-zerrendak, per capita gastua, oheen zein profesionalen kopurua, ebakuntza-gelen kopurua, egindako zesareak, OTA probak, farmaziako gastua edo herritarren iritzia.
2014ko per capita osasun-aurrekontuari dagokionez, handiena Euskadikoa izan da (1.548,34 euro), Andaluziakoaren aldean (1.004,32 euro). Bestetik, lehen mailako atentzioan 1.000 biztanleko dauden medikuen kopuru handiena Nafarroan dago (2,34); eta txikiena, Andaluzian (1,54).
Herritarren iritzia ere azaltzen da txostenean, eta, erkidego batetik bestera, alde handiak daude osasunarekin gogobeteta dauden biztanleen ehunekoan, Nafarroan %7,18koa delako; eta, Kanarietan, %5,55ekoa.