Euskadi emakume sustatzaile gehien dituen erkidegoa da estatu espainolean, Ekintzailetzaren 2015eko Maparen arabera
2015/09/15
Euskadiko emakume sustatzaileen ehunekoa handiena da estatu espainolean, %26 nabarmenekoa da-eta. Ehuneko hori batezbesteko nazionalaren gain-gainetik dago, azken urtean %19tik %17ra jaitsi delako Spain Startup enpresak egindako Ekintzailetza Maparen arabera. Bertan, hain zuzen ere, autonomia-erkidego nagusietako datuak azaltzen dira: Euskadi, Andaluzia, Katalunia, Valentzia, Galizia eta Madril.
Prestakuntzari dagokionez, 10 euskal sustatzailetatik 8k unibertsitateko edo graduondoko ikasketak dituzte.
Datu horiek guztiak ‘Ekintzailetzaren Mapa. South Summit’15’ lanean argitaratu dira, eta Spain Startup enpresak aurkeztu berri ditu. Azterlan hori egiteko, Startup Competitionen erregistratutako 1.800 proiektuak aztertu dira: Espainiakoak (%67), euren artean Euskadikoak, Europako Hegoaldekoak zein Mediterraneokoak (%13) eta Amerika Latinokoak (%11).
Startupei buruzko datuak erkatu ostean, besteak beste, argi eta garbi adierazi da Espainiako sustatzaileen erronka nagusia oraindik ere finantziazioa izan arren gero eta protagonismo handiagoa daukatela bazkide estrategikoen bilaketak eta agerikotasunak. Horren adierazgarri, gero eta enpresa eta korporazio lider gehiagok erakutsi dute euren interesa, eta gero eta gogotsuago onartzen dute berrikuntza startupekin sinatutako hitzarmenen bidez. Horren erakusgarri, finantziazioa eta bazkide estrategikoen bilaketa dira euskal enpresa berrien helburu nagusietakoak (%79); eta, ondoren, agerikotasuna (%68).
Hari beretik, funtsezkoa ere bada inguruan talde ona edukitzea. Hartara, euskal sustatzaileen %37k baieztatu egin dute eurentzat lehentasunezkoa dela talentua bilatzea. Ehuneko hori, ordea, batezbesteko nazionala (%40) baino txikixeagoa da, baita beste erkidego batzuetakoa ere; esate baterako, Andaluzia (%44), Katalunia (%41) edo Valentzia (%43).
Espainian, proiektuen erdiak baino gehiago (%58) euren baliabideen bitartez jartzen dira abian; eta %26, senideen zein adiskideen laguntza finantzarioari esker. %12 baino ez da hasten fondo pribatuen bidez; eta ia-ia %4, bankuko kredituaz edo crowdfundingaren bitartez.
Euskal sustatzaileen %75ek inoren kontura lan egiten zuten, hau da, herrialdeko batezbesteko globala baino 518 gehiago. Bestetik, %10 ikasleak ziren, eta ia-ia bat bera ere ez zegoen langabezian. Ehuneko hori, gainera, %1ekoa zen nazio-mailan. Beraz, agerikoa da sustatzeko abentura ondo hausnartutako aukera dela eta ez langabeziari aurre egiteko alternatiba.
Izan ere, euskal sustatzaileen %100ek ziurtatu egiten dute erabaki hori hartu dutela negozio-aukera dela ikusi dutelako edo izpiritu sustatzailea dutelako eta ez premiarik zeukatelako. Horrez gain, 10etatik 6k baieztatu egiten dute betidanik jarri nahi izan dutela startupa; %30ek, produktuan sinesten dutela; eta %10ek, lan-ibilbidea aldatu nahi izan dutela.
‘Mapa del Emprendimiento. South Summit’15’ azterlanean adierazitakoaren arabera, euskal sustatzaileen erdiek beste startup bat jarri dute lehenago; eta %20k, hiru. Erdiek aurreko proiektua aurrera eraman ezin izan zuten arren, %20k arrakastaz saldu ahal izan zuten.