Euskadi lehen postuan dago eskualdeen artean ikasleko gastuari dagokionez, sare publikoko ikasleko gastua estatu espainoleko batezbestekoa baino ia-ia 4.000 euro handiagoa delako
2015/05/27
Oraindik ere, ikasleko gehien inbertitu eta hezkuntzako aurrekontuan beketarako diru gehien esleitzen duen autonomia-erkidegoa da Euskadi. Horixe bera adierazten da Hezkuntza Ministerioak argitaratu berri duen “Espainiako hezkuntzari buruzko datuak” txostenean azaltzen den erradiografia. Bertan, egiaztatu egiten da euskal eskola publikoko ikasleko gastua estatuko batez besteko gastua baino 3.712 euro handiagoa dela. 2012-2013ko ikasturtean, hain zuzen ere, ikasleko inbertsioa 9.143 eurokoa izan zen batez besteko 5.431en aldean. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak egiten duen ahalegin ekonomikoak hain desberdinak diren Andaluziako eta Madrilgo autonomia-erkidegoetan ikasleko egiten duten inbertsioa bikoizten du.
Txostenean adierazten denez, euskal hezkuntza-sistemak beste batzuek baino hobeto aurre egin die krisiaren ondorioei.
Ministerioko datuen arabera, langileek eta ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzek eta hezkuntza-itunek irakaskuntza ez-unibertsitarioko aurrekontuaren %84 daramate, 2.034 milioi euro, alegia. Hain zuzen ere, %53 irakasleen soldatetara joan zen; eta %31,3, itunpeko ikastetxeetara.
Oso egoera sendoa da ikastetxeen sare horretarako, estatuko gastuaren banaketarekin erkatuz gero, batez besteko inbertsioa %19,6koa izan zen-eta.
Era berean, txostenean adierazitakoaren arabera, 30-34 urteko euskal biztanleen %60k goi-mailako ikasketak zituzten 2013. urtean. Nabarmendu egin beharra dago estatu espainoleko adin-tarte horretako goi-mailako batez besteko prestakuntza-mailaren adierazlea %42,3koa dela urte horretan: %47,5, emakumeen artean; eta %37,1, gizonen artean.
Bestetik, krisian, Eusko Jaurlaritzak aukera-berdintasunaren aldeko apustuari eutsi dio. 2012. urtean, beka gehien esleitu zituzten erkidegoetakoa izan zen. Aurrekontuan beketarako diru gehien (%4) erabili duen erkidegoa da EAE, Andaluziakoaren bikoitza, alegia. Ministerioko datuen arabera, Lakuak 76,5 milioi euro erabili zituen ikasteko laguntzetarako (44,3 milioi, Haur Hezkuntzatik DBHra; 6,9 milioi, derrigorrezkoaren ondokoan; eta 25,3 milioi, unibertsitatean). Derrigorrezko Hezkuntzako laguntza gehienak jantokirako izan dira, 33,5 milioi euro; eta 9,2 milioi, testuliburuetarako.
Guztira, ziklo horretan, 107.257 beka banatu ziren: 15.524, derrigorrezkoaren ondoko etapan; eta ia-ia erdiak, Batxilergoan (%49). Beraz, ikasleen %27ren onurarako izan zen.
LHri dagokionez, ikasleen %16,9ri eman zitzaien laguntza.
2012an, EHUko (Euskal Herriko Unibertsitateko) ikasleen %30ek izan zuten ikasteko beka. Guztira, 13.114 bekadun egon ziren, eta 25.147 laguntza eman ziren (14.674, ikasleentzako ordainketa zuzen moduan; 7.785, prezio akademikoen ordainarazpen moduan; eta 2.689 hiru seme-alabadun familientzat).
Guztira, euskal administrazioek ia-ia 30 milioi inbertitu zituzten unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzetan (25,3 milioi, EHUn; 2,6 milioi, Deustuko Unibertsitatean; eta 1,4 milioi, Mondragon Unibertsitatean). Ekimen sozialeko instituzio akademikoen barruan (pribatuak), Deustuko Unibertsitatea da bekadun ikasle gehien dituena, %24, Mondragon Unibertsitatearen %22ren aldean.