Euskal Parke Teknologikoek 2014an izan duten jarduera Euskadiko susperraldi ekonomikoaren adierazgarri da
2015/04/16
Euskadiko Parke Teknologikoek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak) bertan finkatutako enpresei (402, 2014an) urtero egiten dieten inkestari buruzko azterketaren arabera, nolabaiteko hobekuntza antzeman da aztergai izan dituzten zenbait arlotan.
Oro har, datuok aurreko ekitaldietakoak baino hobeak izan dira, eta I+G-b-ko gastuak gora egin duela nabarmendu beharra dago (%15), etorkizunarekiko konfiantzaren eta fedearen adierazgarri da-eta.
Enpresen fakturazio orokorra ere aurreko ekitaldikoa baino handixeagoa izan da, 3.868 milioi eurokoa. Hori dela eta, gehikuntza %8,6koa izan da 2013. urtearen aldean.
Bestetik, 2014an, enpleguak ere egin zuen gora. Krisiko urte latzenetan parke teknologikoetako ingurunea enpleguaren arloan tinko agertu bazen, lan-egoera txarrean lanposturik galdu nahi ez zuelako, aurreko ekitaldian langileen kopurua 14.926koa izan zen. Beraz, gehikuntza %5,5ekoa izan da 2013. urtearen aldean, eta, euretatik, I+G+b-n baino ez dute lan egiten.
“Handien” lidergoa
Datuak erantsiak badira ere, azpimarratu egin behar da hobekuntzan enpresa handiak izan direla nagusi. Hartara, baieztatu egiten da “sustatzaileak” izan direla gaur egungo egoeratik irtetean.
Enpresa horiei buruzko datuen arabera, jarduerako emaitzak eta lanpostuen berreskurapena gainerakoenak baino askoz handiagoak izan direnez, euren enpresa-ingurunean izango dute eragina.
Enpresen sorrera
Ekintzailetza eta enpresen sorrera ere arrakastatsuak izan dira iaz, guztira 32 enpresa berri sortu direlako hiru parkeetan. Horrelako hainbat enpresa ingurune teknologikoetan bertan horretarako ezarritako tresnen bidez “sortu” dira.
Egoera ekonomiko berriak sorrarazitako konfiantzaren ondorioz, lehendik zeuden enpresa-ideiak egia bihurtu dira.
Euskadiko BPGd-n izandako eragin handia
Hiru parkeetan garatutako jarduera handia izan da honako arlo hauei begira: dibertsifikazioa, masa kritiko ikertzailearen sorrera eta berrikuntzarako laguntza. Horrez gain, ezagunak diren gainerako emaitzak ere lortu dituztenez, parkeetan kokatutako enpresen fakturazioa BPGd-ren %5ekoa izan da, hain zuzen ere.
Sektorizazioa
Enpresek 2014an lortutako fakturazioaren araberako sektorizazioari dagokionez, informazioaren teknologien sektorea (IKT) izan da nagusi; eta, ondoren, elektronika, I+G+b, aeronautika eta garapen-bidean dauden biozientziak.
Hiru parkeetako enpresetako jarduera garatzen duten 14.926 langileen enplegua Euskadiko osokoaren %4,70ekoa da. Horrez gain, beste 3.500 langilek laguntzarako “kanpoko zerbitzuak” garatzen dituzte.
Modu berean, garatutako jarduera ekonomikoaren ondorioz, administrazioek diru-sarrera handiak lortu dituzte zerga-bilketen ostean, eta eragin zuzena izan dute hiru parkeen kokalekua diren udalerrietan: Vitoria-Gasteiz, Derio, Zamudio, Donostia, Eibar, Hernani eta Leioa.